03 DéC. 2025 Hizkuntza eskubideen urraketa oro salatzeko deia egin die Behatokiak euskaldunei Euskararen Behatokiak aurkeztutako «Hizkuntza Eskubideen Egoera 2024» txostenak beste behin hutsuneak eta urraketak jasotzen ditu hainbat eremutan; besteak beste, administrazioan, hezkuntzan zein gizarte eta ekonomia arloetan. Agurne Gaubeka, Behatokiko zuzendaria, eta Garbiñe Petriati, teknikaria. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU) M.A. BILBO Behatokiko zuzendari Agurne Gaubekak adierazitakoaren arabera, 2024ko datuek erakusten dute aurreko urteetako arazo eta gabeziak oraindik ere konpondu gabe daudela. «Hizkuntza eskubideen egoerak ez du hobera egin, eta kasu askotan urraketak sistematizatzen ari dira». Halaber, erakunde horretako goi kargudunak azaldutakoaren arabera, Euskararen Telefonoaren bidez jasotako salaketa eta testigantzek erakusten dute oraindik ere zailtasunak daudela euskaraz artatua izateko, eta erakunde askok legearen aitzakian justifikatzen dituztela hutsuneak. «Euskararen presentzia urria eta gazteleraren zein frantsesaren nagusitasuna nagusi dira oraindik; eta zenbaitetan, administrazioek berek legitimatzen dituzte urraketa horiek». Behatokiaren zerbitzuen bidez jasotako datuak zinez dira kezkagarriak. Izan ere, iaz, orotara, 1.206 kasu jaso ziren; horietatik 1.112 kexak izan ziren, 62 zoriontzeak eta beste 32 kontsulta edota iradokizunak. Instituzio horretako teknikari Garbiñe Petriatiren esanetan, datu horiek ez dute egoera bere osotasunean islatzen: «Egunerokoan gertatzen diren urraketa asko salatu gabe geratzen dira, eta, hortaz, ez dira jasotzen. Askotan normaltzat hartzen dira, eta horrek arazoa iraunarazi besterik ez du egiten». Arrazoi hori dela medio, Behatokiaren ustez, hizkuntza eskubideen aldeko kontzientzia soziala sendotzea ezinbestekoa da. ADMINISTRAZIO PUBLIKOAK Txostenak modu argian erakusten du Espainiako Estatuaren administrazioan ofizialtasun bikoitza praktikan ez dela gauzatzen. Behatokiko ordezkarien arabera, «euskaldunak babesik gabe geratzen dira euskarazko zerbitzuak eskatzen dituztenean». Ildo horretan, espainiar justizia administrazioa eta Gobernuaren menpeko enpresa publikoak dira kexa gehien biltzen dituztenak. Frantziar Estatuaren kasuan ere, zaharrak berri; euskararen aitortza kultural sinbolikoa baino ez omen da existitzen, eta praktikan frantsesa da administrazio eta hezkuntza sistemaren hizkuntza bakarra, eta hala, aitorpen ofizialik gabe, hizkuntza gutxiagotuak ez dira errealitatean berdin tratatzen», dio Behatokiak. Eragin txikiko neurri soil batzuk hartuta ere, Euskal Hirigune Elkargoak, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak oraindik ez dute urrats erabakigarririk egin, Behatokiko ordezkarien hitzetan. Euskaraz bizitzeko aukera mugatua da; herritar askok dio ezin duela euskaraz ikasi, kontsumitu edo artatua izan. Behatokiaren iritziz, «politika ausartagoak behar dira, eta ez dago aitzakiarik egoera horiek betikotzeko». Toki entitateetan ere, hainbatek gertutasunetik herritarrei euskaraz bizitzeko aukera bermatzeko ahaleginak egiten dituzten arren, beste hainbatetan toki entitateetako alor ezberdinetan hizkuntza eskubideak integratu gabe jarraitzen dela adierazi du Behatokiak. Halaber, beste administrazio batzuetan hartzen diren erabakiek, edo judizializazioaren bidez eragindakoek ere, toki entitateetan ondorioak dituztela gaineratu dute. SEKTORE PRIBATUA Era berean, sektore pribatuan egoera ez da inondik inora hobea. Euskara ofiziala ez den eremuetan enpresa gutxik eskaintzen dute euskarazko arreta, eta ofiziala denetan ere ez dira beti betetzen hizkuntza eskubideei dagozkien betebeharrak. Gainera, enpresen ekosistema aldatzen joan den heinean, «hiztunen eskubideen aitortza merkatu arauetara eta estatuetako araudietara mugatzen duten multinazional eta enpresekin egiten dute topo herritarrek». 2024an hainbat enpresak ez zituzten bezeroen kexak aintzat hartu, eta askotan hizkuntza eskubideen urraketak bere horretan geratu ziren. Horregatik, Behatokiak ezinbestekotzat jotzen du araudi zorrotzagoak ezartzea eta kontsumitzaileen eskubideak errespetatzea. KEZKARAKO ARRAZOIAK Bestalde, txosteneko datuei so eginda, ondoriozta daiteke herritarren kezka nagusietako bat dela zerbitzu publikoekiko harremanetan euskaraz jarduteko aukera mugatua. Osasungintza, segurtasuna eta zaintza arloetan, adibidez, euskaraz jardun ahal izatea, gaur egun oraindik, ez dago bermatua. Hezkuntza arloan ere oztopo eta zailtasunak ugariak dira. Izan ere, Ipar Euskal Herrian eta Nafarroako Foru Erkidegoan oraindik ez dago euskarazko irakaskuntza indarrean jartzeko behar besteko babes politikorik. Lanbide Heziketan eta unibertsitateetan, bestalde, eskaintza mugatua da, eta horrek euskaraz ikasi nahi duten ikasleen eskubideak urratzen ditu. «Euskararen egoera gutxiagotua aintzat hartuta, ezin da eskaintza merkatuaren logikara mugatu; politika aktiboak behar dira», azpimarratu dute Behatokiko ordezkariek. Amaitzeko, erakunde horrek deia egin die herritarrei hizkuntza eskubideen urraketa oro azaleratzeko, baita egoera bidegabeak salatzeko ere. «Ez dugu isildu behar, arazoa ikusezina bihurtzen baita; salatzea da lehen pausoa egoera aldatzeko», ohartarazi dute. Azkenik, Behatokiak gogorarazi du herritarren parte-hartzea funtsezkoa dela afera horretan: «Euskararen normalizazioa ez da administrazioen ardura soilik; gizarte osoarena da». Hizkuntza eskubide urraketen testigantzak Behatokiaren zerbitzuen bidez 1.206 kasu jaso ziren 2024an; horietatik 1.112 kexak izan ziren, 62 zoriontzeak eta beste 32 kontsulta edota iradokizunak. Hauexek kexetako batzuk: 1. «Horrela, gaztelania hutsean, bidali du Nafarroako Gobernuak EUSKARA SUSTATZEKO dirulaguntza deialdiaren gaineko informazio berria dagoela jakinarazten duen ». 2. «Nafarroara Cortesetik sartzean dagoen panela (Nafarroa Foru Komunitatea) ele bitan dago, baina euskarazko zatiak, behealdean dagoenak, kalteak ditu; besteak beste, tirokatuz egindakoak». 3. «Barakaldoko Udaltzaingora deitu nuen martxoaren 9an, 21:00etan; inork ez zekien euskaraz eta norbait bilatzera joan ziren arren, erdaraz artatu ninduen udaltzain biolento batek». 4. «Gaur, nire alaba ikasten ari den Sestaoko institutuan, Ertzaintzak ari buruzko hitzaldia eman du. Nire alabak jaso duen hitzaldian DBHko 1. mailako bi gela zeuden. D eredukoak biak. Hitzaldia, gaztelaniaz. Hori ez da onargarria. D ereduko gelak dira!». 5. «Eskolako zuzendaritzak jardunaldi aldaketaren inguruko bilkura informatiboa egin du. Erdara hutsean izan da». 6. «Berara liburuzain berria ekarri dute eta ez daki euskaraz; beraz, ezin dugu euskaraz erabili zerbitzua». 7. «Gaur amarekin joan gara Gipuzkoako Foru Aldundiak bidalitako tokira, Donostiako Ikigaia zentrora, desgaitasun ebaluazioa egitera. Mediku bat eta langile soziala izan dira gurekin eta ez bata ez bestea euskaldunak». 8. «Pediatrarekin kontsulta izan dugu gaur Zarautzen eta hark ez daki euskaraz. Ume guztiak D ereduan matrikulatuta eta euskaraz ari diren UEMAko udalerri batean ezin da halakorik onartu». 9. «Olazti ‘eremu euskalduneko’ herria izan arren, Foruzaingoak sare sozialetako mezuak gaztelania hutsean zabaltzen ditu. Legea bera ere ez dute betetzen». 10. «Zumarragako SEPEren egoitzan egon naiz eta ezin izan dut arreta euskaraz jaso, bertako langileak ez zekielako». «euskaldunak babesik gabe geratzen dira euskarazko zerbitzuak eskatzen dituztenean» herritar askok dio ezin duela euskaraz ikasi, kontsumitu edo artatua izan. Behatokiaren iritziz, «politika ausartagoak behar dira»