04 DéC. 2025 KOLABORAZIOA Historia ez dakitenek errepikatzeko arriskua daukate Piter ENCINAS Oso nabarmena da izenburu honek zerikusi handia daukala gaur egungo eskuin indarraren gorakadarekin, politikarien eraginkortasun ezarekin eta koldarkeria politikarekin, gelan dagoen elefantea ikusi nahi ez dutelako. Sentitzen dudan amorrua polizia ezberdinetako agintariengana zuzendu nahi dut, poliziek, Memoria Historikoaren Legea urratzen duten ekintzen aurrean, beste aldera begiratzen dutelako edo tiroak botatzen dituztenean guztiak «ezkerretara» bideratzen dituztelako. Adibidez, Gasteizen urriaren 12an gertatu zen hori; Falange de la Jons erakundeak manifestazioa antolatu zuen, eta hainbat zauriturekin eta 19 atxiloturekin bukatu zen ekitaldia. Bestalde, despotismo ilustratua aplikatzen duten politikari kargudunek, adibidez Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak, Gasteizen gertatu zenari estaldura eman zion, esanez legeak aukerarik ematen ez zuelako ezin zuela ekitaldia debekatu. Aldi berean, gertatutakoaren errua Bilduri eta antifaxistei leporatzen zien. Horren harira, galdera pare bat bota nahi dut: Lege horrek kidetasunaren arabera funtzionatzen al du? Eta, orain, galdera erretoriko bat dator: preso politiko bat aske geratzen denean, zergatik ezin dugu ongietorririk egin? Azken batean, zuen nahien arabera erabakitzen al duzue zer debekatu eta zer ez? Ildo beretik jarraituz, zergatik debekatu nahi zuen 15erako Euskadi-Palestina futbol partidarako deitutako «baimena» zuen «kalejira» bat? (gezurtero). Pertsonaia horrek jakin beharko luke, politikan gauzak egin behar direla lerroak okertu gabe. Beste politikari kargudun batek, Espainiako Gobernuaren ordezkariak, mugimendu antifaxistarekiko errepresioa justifikatzen zuen, demokrazia lezioak emanez. Nola esan dezake «besteek» ez dituztela iritzi desberdinak eta desadostasunak errespetatzen, (bere) poliziak arerio politikoak zapaltzea txalotzen duen bitartean? Non dago inkongruentzia? Marisol Garmendiak eskubide osoa dauka, nola ez, Guardia Zibila gizartearen zerbitzura dagoela esateko. Dena gertatu zen bezala, nik espero dut eskubide bera izatea nire iritzia ez dela berdina esateko; are gehiago esango nuke: Espainia laguntzera joan nahi badu, billetea emango nioke. Baina joateko bakarrik, ez berriro etortzeko. Zer zerikusi dauka politikarien jarrerak gutun honekin? Nire iritziz, politikariei ahoa betetzen zaie «demokrazia» hitzarekin, baina uste dut ez daukatenari buruz hitz egiten dutela. Orain azalduko dut zergatik esaten dudan hori, «historia» lezio labur baten bidez. 1932. urtean, Espainiako Gobernuko presidentea Manuel Azaña zenean, Jose Sanjurjok estatu-kolpe armatu bat eragin zuen. Historialari batzuek esaten dute porrot egin zuela; nik nire zalantzak ditut. Hala eta guztiz ere, atxilotu egin zuten eta heriotza zigorra ezarri zioten. Gobernuak, arazo larririk ez izateko, betiko kartzela zigorragatik ordeztu zion, baina bi urte geroago gobernu errepublikanoak amnistiatu egin zuen. 1934ko apirilean, Estorilera (Portugal) joan zen erbesteratu gisa, eta han egon zen 1936ko kolpe militarra prestatzen. Bost lerro horiekin esan nahi dut erakunde eta politikari batzuek, gehiegitan eskuindarrek, ez dutela ikusi nahi faxistek egiten dutena baina, aldi berean, ezkertiarrek egiten dutena zapaltzen dutela, bai poliziak, bai justizia (deiturikoa) erabiliz. Alegia, ze etorkizun txarra edukiko dugun, ez bagara kapazak izan egoerari buelta emateko.