04 DéC. 2025 Sestaoko Arcelor Mittalen greba egin dute, azkenaldiko lan istripuak salatzeko Deituta dituzten bi greba egunetan lehena egin zuten atzo Arcelor Mittalen Sestaoko lantegian, lan istripuak direla eta enpresari neurriak hartu ditzala eskatzeko. Urritik lau istripu izan direlako deitu dituzte lanuzteak ELAk eta LABek. Langileek elkarretaratzea egin zuten enpresaren atarian. (Aritz LOIOLA | FOKU) GARA SESTAO Sestaoko Arcelor Mittalen lantegian greba egin zuten atzo beharginek, LAB eta ELA sindikatuek deituta, enpresan «egoera larria» bizi dutela salatzeko. Izan ere, azken hilabeteetan zenbait lan istripu gertatu dira lantoki horretan eta, sindikatuen aburuz, «horrek agerian uzten du maiztasun kezkagarria dagoela eta arrisku egoera jarraitua dela». ELAk ohar baten bidez atzo bertan jakinarazi zuenez, langileek denbora daramate salatzen enpresaren aldetik prebentzio neurrien «gabezia iraunkorra» dela eta segurtasunaren eta osasunaren kudeaketa «eskasa» dela. Horregatik, Arcelor Mittalen zuzendaritzari eskatu zioten, «behingoz», langileriak behar bezalako segurtasun kondizioetan lan egiten duela bermatzeko neurri «erreal eta eraginkorrak» har ditzala. Grebara jo dute, sindikatuaren esanetan, azken aldian Sestaoko Arcelor Mittalen lan kondizioek «modu kezkagarrian okerrera» egin dutela iritzita: «Gero eta gehiago dira lantegitik anbulantzian irteten diren lankideak». ELAk salatu zuenez, egoera hau «ez da kasualitatea», baizik eta «segurtasuna baztertuz joan den lan dinamika baten ageriko ondorioa». LABek deialdia zabaldu zuenean beste horrenbeste adierazi zuen, hots, enpresak eta prebentzio sailak «ez dituztela beharrezko segurtasun neurriak hartzen». Horren ondoriotzat jo zituzten urritik jazo diren lau istripuak. Batzuek Arcelor Mittaleko langileei eragin diete; besteetan, azpikontratatutako beharginak zauritu dira. Urriaren 7an Euskoime enpresako azpikontratatutako bi langile larri zauritu ziren. Hurrengo egunean, Arcelor Mittaleko langile bat harrapatu zuen labe bateko ateak eta egun batzuk beranduago azpikontratatutako kamioilari bat zauritu zen, deskargatzen ari zela jazo zen leherketa baten ondorioz. Halaber, azaroaren 21ean Arcelor Mittaleko behargin batek istripu larria izan zuen, lanabes bat gainera erori zitzaionean. Kideek torniketea egin behar izan zioten osasun langileek artatu arte, istripuaren larritasunaren ondorioz. Horregatik, abenduaren 3an ez ezik, hilaren 7 honetan ere egingo dituzte lanuzteak, baita elkarretaratzeak ere, lantokiaren atarian bertan, atzo egin bezala. LAU ISTRIPUBi hilabetean lau lan istripu izan dira Arcelor Mittalen Sestaoko lantegian; enpresako eta azpinkontratatutako beharginak izan dira biktimak.