07 DéC. 2025 BINAKAKO TXAPELKETA 2026 Martijak pianoa jo, Zabalak melodia, eta Altuna eta Ezkurdia dantzari ibili behar Txapelketako bigarren puntua eskuratu zuten urdinek, hasieratik 0-6 aurreratu eta beti aurretik joan ostean. Naiarako aurrelaria bikain ibili zen erasoan, baina Martijaren defentsarekin, Altuna eta Ezkurdiaren mugak non dauden erakutsi zuten Bartzelonan. Zabala ikaragarri aritu zen Bartzelonan. (Aritz LOIOLA | FOKU) Arnaitz GORRITI Hitz joko merkea barkatuko al du irakurleak. Javi Zabala Naiarako semea dela bistan geratu zen atzo Vall d'Hebron pilotalekuan jokatu zen partidan. Izan ere, nahi hara, nahi horra, nahi batera, nahi bestera dantzan ibili zituen berdin Jokin Altuna nola Joseba Ezkurdia. Aurrelari errioxarrak kontra zituen aurrelari biek lehenengo bi jardunaldietan lorturiko «sorginkeria» haustea erdietsi zuen, atzelari segurua baino ondotxo gehiago dela erakutsi zuen Julen Martija pianista lagun. Joseba Ezkurdia bosgarren koadroan «libero» lanetan jarrita aurkariei presio handia sartzeko oso baliagarria da. Peio Etxeberria eta Rezusta aurreneko jardunaldian airean eraman zituzten Amezketakoak eta Arbizukoak eta Elordi eta Zabaleta ere mendean hartu zituzten bigarren jardunaldiko partidako azken aldera, baina Javi Zabalaren joko erauntsia lagun, eta Martija bikain batekin, Altuna eta Ezkurdia garaiezinak ez direla erakutsi zuten. Nolanahi, ezin esan erasoan bakarrik distira egin zutenik Zabalak eta Martijak. Partidaren hastapenean 0-6 aurreratu zen bikote urdina eta airean bota behar zituztela Altuna eta Ezkurdia ere ematen zuen, baina neurketak aurrera egin ahala, akatsak ere iritsi ziren, eta Altunak txokoan zulo ederra aurkitu zuen airez tantoak sartzeko. Baina pare bat tantotan gorriek, urdinak dantzari eduki arren, ezin izan zuten tantoa amaitu, Altuna eta Ezkurdiari buruz horixe esatea harrigarria bada ere. Zabalaren bizkartzain lanak paregabe bete zituen Martijak eta Zabalak, atzelariari lanak kentzeko sartu zen aldi askotan, tantoa beren aldera iraultzea ere lortu zuen. Azken emaitza gorrien aldekoa izan balitz ere, Altunak eta Ezkurdiak mugak badituztela eta min eman dakiekeela erakutsi zuten. «Jokatzeko modu berezia dute Altunak eta Ezkurdiak, baina guk ideiak garbi izan ditugu. Aurreraino errematearen bila joatea, keinua egitea... aurkariak erotzea zen gure nahia, eta lortu dugu. Gerora zer-nolako maila duten erakutsi dute eta hurbildu zaizkigu, baina gogor eusten jakin dugu», onartu zuen Javi Zabalak, pozarren, partida amaieran.