17 DéC. 2025 U10eko Bilboko mobilizaziora batu da euskal gehiengo sindikala Gabonen atarian, euskal gehiengo sindikala presoen eskubideen alde mobilizatu da Hego Euskal Herriko hiriburuetan. Urtarrilaren 10ean Bilbon izango den mobilizazioarekin ere bat egin, eta gatazkak utzitako ondorioek behin betiko konponbidea behar dutela adierazi dute. Bilbon egindako elkarretaratzea. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU) GARA BILBO «Beste urte batez, langileok konponbidearen, bakearen eta elkarbizitzaren alde mobilizatuko gara Bilbon». Atzo Hego Euskal Herriko hiriburuetan egindako mobilizazioetan baieztatu zuenez, euskal gehiengo sindikalak bat egin du Sarek urtarrilaren 10erako deitu duen mobilizazioarekin. “Ezin da gehiago luzatu” lelopean egingo da mobilizazioa, eta sindikatuek beren egin dituzte hitz hauek: «Gabonak ate joka ditugularik, eta urtero egin ohi dugun moduan, aurten ere euskal langileriaren gehiengoa ordezkatzen dugun sindikatuok bat egiten dugu konponbidearen, bakearen eta elkarbizitzaren aldeko aldarriarekin». «ANOMALIA DEMOKRATIKOA» Bilbon, Garbiñe Aranburu LABeko koordinatzaile nagusiak beharrezkotzat jo zuen «oztopoei muga jartzea», eta, «erreparazioa» eskatu zuen, «biktima guztiak berdin aitortzeko». «Anomalia demokratiko eta anakronikoa da gaur egun ere oztopo horiek izatea presoek, deportatuek eta errefuxiatuek etxera itzultzeko bide hori egin dezaten», nabarmendu zuen. ELAko Leire Estevezek azpimarratu zuen beharrezkoa dela «euskal preso politikoek oraindik aurre egin behar dieten salbuespen legal eta politiko guztiak iraultzea, sufrimendu hori behingoz bertan behera uzteko». Izan ere, sindikatuek azpimarratu zutenez, «urteak» daramatzate «norabide horretan lanean». Horiek hala, «biolentzia ezberdinen biktimen egia eta aitortza eta euskal preso, iheslari eta deportatuen etxeratzea ardatz» mobilizatu ziren atzo. 2026an 15 urte beteko dira ETAk bere jarduera amaitu zuenetik, eta, «datak duen garrantzia aintzat hartuta», adierazi zuten «atzera begirako ariketa zintzoa» egitea dagokiela «euskal gizarteari, instituzio, arduradun politiko eta alderdiei, baina baita noski sindikatuoi ere». Ildo horretan, emandako pausoen aitorpen bat ere egin zuten. «Ikusi ditugu konponbidearen eta bakearen logikan, baita biolentzia ezberdinen biktimen aitortzan eta zer esanik ez euskal preso, iheslari eta deportatuen etxeratzean». Baina, gaineratu zutenez, «behin betiko konponbidea gehiegi luzatzen ari den eta, beraz, dagoeneko gehiegi luzatu den adierazle garbiak dira 15 urte hauek. Mundu mailan gertaturiko beste zenbait gatazketan ez bezala, 15 urteren ondoren, gurean, indarrean jarraitzen du sufrimenduak eta indarrean jarraitzen du salbuespenak». Horregatik, «salbuespen lege eta politika behin betiko amaiarazi behar dugula» aldarrikatzeko, Bilboko deialdiarekin bat egingo dutela berretsi zuten, «gatazkak utzitako ondorioek behin betiko konponbidea ezinbesteko dutela eskatzeko», hain zuzen. BEHIN BETIKO«Salbuespen lege eta politika behin betiko amaiarazi behar dugu»; hori aldarrikatzeko, Bilboko deialdiarekin bat egingo dutela berretsi zuten atzo Hego Euskal Herriko hiriburuetan elkartu ziren sindikatuek.