21 DéC. 2025 Andoainen A15 eta N1 errepideak lotzeko irtenbidea «justifikaezina» dela salatu dute Errespetatu Andoain plataformak agerraldia egin zuen atzo eta Gipuzkoako Aldundiak A15 eta N1 errepideak lotzeko aurkeztutako irtenbidea «justifikaezina, bidegabea eta onartezina» dela adierazi zuen. Aldiz «kanpoko saihesbidea» defendatu zuen, izan ere, haien aburuz, «benetako konponbide integrala» dakar soluzio horrek. GARA DONOSTIA Errespetatu Andoain plataformak «justifikaezintzat, bidegabetzat eta onartezintzat» jo zuen atzo Gipuzkoako Aldundiak 2026rako A15 eta N1 errepideen arteko loturarako aurreikusi duen irtenbidea eta erabaki hori Andoaingo herritarren iritziari eta Udalak 2024ko urriaren 30ean onartutako mozioari «entzungor» eginez hartu dela salatu zuen. Agerraldi jendetsu batean, plataformak adierazi zuen aukera hori ez dela «konponbide integrala, Aldundiak eta EAJk, PSEk eta Elkarrekin Podemosek hala aurkezten duten arren». Izan ere, onartutakoa Bazkardoko korapilorako 700 metroko zatia baino ez da, «bulegoetan, eztabaida publikorik eta herritarren parte hartzerik gabe hartutako erabakia». Plataformak adierazi zuenaren arabera, «hiru kilometroko arazo estruktural bat zatikatuz estali nahi da, alegazioak eta ingurumen txosten zorrotzagoak saihesteko, joko administratibo zikina» eginez. Irtenbide horrek Andoain egunero zeharkatzen duten 71.000 ibilgailuen arazoa konponduko ez duela azpimarratu zuten agerraldian, eta ondorioz, aire kutsadura eta osasun publikoaren arazo larriak bere horretan mantenduko direla. Lakuaren airearen kalitate estazioaren datuen arabera, Andoainek 2025ean Europako araudi berriak eta OMEren gomendioak gainditu ditu PM 2,5 partikulen eta NO₂-ren mailan. Kutsadura horrek «herritarren bizi kalitatean, ingurunean eta klima aldaketan zuzeneko eraginak» dituela nabarmendu zuten. Horren aurrean, «benetako konponbide integrala» defendatu zuten eta hori «kanpoko saihesbidea dela» aipatu zuten, plataformaren iritziz «teknikoki bideragarria, Europako araudia betetzen duena, Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean eta Donostialdeko Lurralde Plan Partzialean jasoa, eta epe luzeko irtenbidea eskaintzen duena» baita.