29 DéC. 2025 Ez ikus Jon GARMENDIA Idazlea Nire mezuaren ordezkari, urteko azken idatzia zendu diren hiru erreferenteren hitzekin egiteko desira piztu zait. Maiatzean hil zen Pepe Mujica da lehenengoa, Uruguaiko presidente izatera ailegatu zen tupamaro, lorezain eta filosofoa, tira, bere burua izendatzeko titulu ainitz jantzi zitzakeen pertsona xume eta zuzena. Badakit hark ere haize guztia ez zeukala alde, kontrakoa agertu zitzaiola hurbiletik hasita, baina ezkortasun eta negatibismoaren garaiotan nor harritu horrekin. Pepek azti, horrela ekin zion behin bere hitz jarioari: «Bizitzan eror zaitezke behin, bitan, 50 aldiz, baina merezi du berriro hasteak; beti. Eta borrokatu egin behar gara bizitzaren alde, gutako bakoitzak zoriontasun tarte handiagoa ukaiteko. Eta zer da zoriontsu izatea? Ez da zoriontasuna azalean sentitzea, baizik eskerrak ematearen oreka aurkitzea. Konturatzea biziaren mirari hau betetzen ari dela gaur, eta bihar ere abesteko ausardia aurkitu beharko dugula, txoriek argitzen duenean egiten duten bezala, bizitzari eskerrak eman kantari eta gero kalera atera bakoitza bere jatekoa borrokatzera». Urrian hildako Diane Keaton aktoresa handia dator gero: «Umoreak bizitza grazia minimo batekin pasatzen laguntzen digu. Guztiaren zentzugabekeriari aurre egiteko modu onberetako bat eskaintzen du». Eta azkenik, berriki hil den Robe Iniesta musikari poeta paregabea: «Nahi duzuna egin dezakezu, badakizu herrialde libre batean zaudela. Baina ez zaitzatela ikus».