02 JAN. 2026 «Eskubideak pertsona guztientzat ez diren bitartean, pribilegioak dira» Migrazio bideetan izandako hildakoen kopuruaren beherakada muga politikak gogortzearen ondorioa dela nabarmendu du Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak bere urteko azken elkarretaratzean. Era berean, pertsona guzti-guztien eskubideak bermatzeko premia azpimarratu du. Elkarretaratzea 2025eko azken egunean, Bilboko Plaza Biribilean. (Aritz LOIOLA | FOKU) GARA BILBO Urteko azken egunean, urte bukaerako elkarretaratzea egin zuen Ongi Etorri Errefuxiatuak (OEE) plataformak Bilbon, 2025. urtearen balantzea egin eta eskubide unibertsalak benetan bermatzeko premiak hor jarraitzen duela azpimarratzeko. Nabarmendu zutenez, «eskubideak pertsona guztientzat ez diren bitartean, pribilegioak dira». Urte zaharrari begira, gogoratu zuen herri plataformak «gure mugetara iristeko ahaleginean» hildakoen kopuruak behera egin duela, baina joera hori ez dela legeria egokitu baten isla, baizik eta muga politikak gogortzearen ondorioa. Izan ere, 2026an Europako Migrazio eta Asilo Ituna erabat aktibo egongo dela gogoratu zuten; eta pertsonak ez daudela erdigunean salatu. Euskal Herrira begira jarrita, Ikuspegiren 2025eko barometroaren emaitzak aipatu zituzten. Haien ustez, nabarmentzekoa da datuek erakusten dutela euskal gizarteak ez duela immigrazioa arazo gisa hautematen, jarrera inklusiboa duela eta migrazioak ekarpen positiboa egiten diola garapen ekonomikoari, lan merkatuari eta zahartzeari aurre egiteko erronkei. Errefuxiatuen eskubideen aldeko plataforma herritarrak dei zuzena egin zien Lakuako Gobernuari, aldundiei eta udalei, eskatzeko «Euskadin bizi garen pertsona guztien premiei erantzuteko, beren betebeharrak bete ditzatela», eta gaineratu zuen, «horrek, besteak beste, egoera ahulenetan dauden pertsonen errealitate desberdinetara egokitutako kalitatezko gizarte zerbitzuak bermatzea» dakarrela. Fokua etxerik ez duten pertsonen egoeran jarrita, OEEk gogoratu zuen 1.500 lagun baino gehiago direla (2022an zeudenen bikoitza) kale gorrian daudenak, eta beste 2.700 lagun, gau aterpetxeetan. Zehaztu zutenez, hamarretik zortzik atzerriko jatorria dute. Halaber salatu zuten Bilbon, «dei efektua» aitzakiatzat hartuta Udalak etxegabeak artatzeko GLUZ zerbitzuei larrialdi izaera kentzearen ondorioz, jantoki txartela eskuratzeko gutxienez hiru hilabete itxaron behar direla eta aterpetxe plaza lortzeko urtebete inguru. «Erakundeek noiz onartuko dute dei efektu hori ez dela existitzen, baina existitzen dena bidegabekeriazko eta desberdintasunezko egoera bat dela, eta horrek herrialde askotatik, zilegitasunez, bizimodu hobe baten bila irtetea eragiten duela?» galdera planteatu zuen plataformak. Politika publikoak doitzea eta onartutako legeak abian jartzea eskatu zuten -gizarte zerbitzuen katalogoa, besteak beste-, eta gogorarazi zuten Eudelek udaberrian onartutako erroldatze unibertsalerako politikek oraindik ez dutela errealitatean eraginik: «Erroldarik gabe, ez gara existitzen». Era berean, politikariei eta hedabideei datuetan oinarrituta eta arduraz jarduteko eskatu zieten, bai eta informazio okerrak zuzendu ditzatela ere. OEEk “Harrera herria” eraikitzeko konpromisoa berretsi zuen, eta agenda sozial eta inklusiboa exijitu. ERAKUNDEEIOngi Etorri Errefuxiatuak plataformaren deia Lakuako Gobernuari, aldundiei eta udalei: «Euskadin bizi garen pertsona guztien premiei erantzuteko, beren beharrak bete ditzatela». KALE GORRIANOEEk gogoratu du EAEn 1.500 pertsona daudela kalean lo egiten, beste 2.700 lagun gau aterpetxeetan, eta, pertsona horien artean, hamarretik zortzik atzerriko jatorria dutela.