GARA Euskal Herriko egunkaria

32 soldadu kubatar hil zituen AEBk, Maduro bahitzerakoan

Miguel Diaz-Canel kubako presidentea, atzo, hitzaldi bat ematen. (Alberto ROQUE | AFP)

Nicolas Maduroren eta Cilia Flores emaztearen bahiketarekin amaitu zen operazioari buruzko lehenengo xehetasunak ezagutarazten hasi dira. Habanak bi dolu egun ezarri ditu, iragan larunbat goizaldean AEBk Venezuelan egindako erasoan 32 soldadu kubatar hil zirela iragarri ostean. Igande gauean Yvan Gil kantzilerrak Telegram kontuan zabaldutako ohar batean, Venezuelako Gobernuak ziurtatu zuen kubatarrek «beren bizitza eskaini» zutela «beren betebeharra betez», eta adierazi zuen langile horiek «babes eta defentsa instituzionaleko lanak» egiten zituztela, «estatu subiranoen arteko lankidetzaren» parte gisa.

Soldadu horiek Venezuelako presidentearen «lehen segurtasun eraztunaren», alegia Presidentearen Ohorezko Guardiaren, parte ziren.

Miguel Diaz-Canel Kubako presidentea izan da naziokideen heriotzagatik atsekabea adierazi duen lehenetarikoa. «Ohorea eta aintza Kubako borrokalari kementsuei; uniforme inperialean iritsita Venezuelako presidentea eta haren emaztea bahitu eta beren herrialdetik legez kanpo atera zituzten terroristei aurre eginez hil ziren; senide dugun nazio horrek eskatuta haien bizitzak babesten laguntzen ari ziren», idatzi zuen sare sozialetan. Oraindik ez dago AEBk hildako pertsona guztien kopuru ofizialik, baina Venezuelak igandean adierazi zuenez, 80 pertsona inguru hil dira. Bestalde, Caracasek «elkartasun sakonena» adierazi dio Kubari, eta eskerrak eman dizkie uharteko presidente Diaz-Caneli eta Raul Castro Kubako Iraultzaren buru eta Armadako jeneralari, «laguntza eta elkartasun irmoagatik».

ALIATUAK

Karibeko herrialdeak ez dio inoiz AEBren helburu izateari utzi, baina Monroe doktrina berrituak Habanan kokatu du fokua berriro. Orain, Air Force One ontzian, Donald Trumpek ez du Kuba «erorarazteko» asmoa ezkutatu. Venezuelako petrolioarekiko mendekotasunak eta egoera ekonomiko delikatuak bereziki egoera ahulean jartzen dute herrialdea.

Oraindik eskualdean AEBren kide ez diren gobernu bakanak ezegonkortzeko ahaleginean, Trumpek ez ditu bere asmoak eta helburuak zalantzan jartzen, eta Kuba horien artean dago.