14 JAN. 2026 JOPUNTUA Fedea eta mendiak Kepa KORTA Irakasle eta ikertzailea Augusto Monterrosok gaztelaniaz idatzia da honako hau (gutxi gorabehera): «Hasieran fedeak erabat beharrezkoa zenean soilik mugitzen zituen mendiak eta, hartara, milurtekotan mantentzen zen paisaia bere horretan. Baina fedea hedatzen hasi eta mendiak mugitzeko ideia jendeari dibertigarri egin zitzaionean, mendiak tokiz aldatu besterik ez ziren egiten, eta gero eta zailagoa bihurtu zen aurreko gauean utzitako tokian aurkitzea; eta horrek, jakina, zailtasun gehiago sortzen zituen konpontzen zituenak baino». «Jende onak nahiago izan zion muzin egin fedeari eta orain mendiek bere tokian jarraitzen dute, oro har. Errepidean luizia gertatu eta azpian hainbat bidaiari hiltzen dituenean da baten batek, urrun edo gertu, fede zantzu amiñi bat izan duelako». Oro har, atzo utzitako tokian aurkitzen ditugu gure mendiak, eta bere horretan dirau gure paisaiak, azken hamarkadetan behintzat; oraindik ere jende ona fedeari bizkar emanda bizi den seinale. Zarautz eta Getaria bitarteko errepidean urtero gertatzen den luizi kopuruari erreparatuta, hala ere, maiz samar gertatzen dira fedealdi supitu horiek urrun edo gertu. Kezkatzeko modukorik ez, ordea, gutxitan harrapatzen baitute inor azpian. Baina, fokua zabalduta, paisaia politiko mundiala azken hilabeteotan jasaten ari den astinaldiari begiratu eta argi dago fedeari kartsuki lotzeko hautua egin dutela Washington DCn eta Tel Aviven urrunekoek nahiz gugandik gertu ibili diren batzuek. Mendiak mugitzea nahikoa ez eta ur gaineko nahiz azpiko lurrak bonbaz eta makina zulatzailez suntsitzeari ekin diote Palestinan eta Venezuelan, oraingoz. Groenlandian (eta Artiko osoan), Kuban, Kolonbian eta Mexikon (eta Amerika osoan) has daitezke laster. Gertuko eta urruneko fededunek planetako lur, itsaso eta zeru guztiak erabat honda ez ditzaten, gero eta beharrezkoagoa da jende onak fede gabezia hedatu eta kapitala, petrolioa eta armagintza gurtzen duen fededun orori aurre egitea. Horra urte berrirako xede gehigarria. Mendiak mugitzea nahikoa ez eta ur gaineko nahiz azpiko lurrak bonbaz eta makina zulatzailez suntsitzeari ekin diote Palestinan eta Venezuelan, oraingoz