15 JAN. 2026 JUAN MUGUERZA LXXXII. KROSA Herritarren lanari esker mundu mailan goraino iritsi den lasterketa aurkeztu da Azken bi urteetan Elgoibarren nagusi izan den Berihu Aregawi eta Winfred Tavi txapeldun olinpikoa Mintxetan izango dira igandean, besteak beste. Juan Muguerza Kroseko antolatzaile eta babesleak, Elgoibarko Udaletxean. (Felix SANCHEZ) Arnaitz GORRITI ELGOIBAR Elgoibarko Udaletxeko Batzar Aretoa lepo bete zen atzo igandean jokatuko den LXXXII. Juan Muguerza Krosa aurkezteko. Aurreko urteetan ez bezala, ez zen atletarik izan aurkezpen ekitaldian, neurri handi batean oraindik iragan asteburuan Floridan jokaturiko Munduko Kros Txapelketako jipoia pasatzen ari direlako eta baita inskripzioa ixteko oraindik ere tartea badelako. Dena den, ia 800 atleta izango dira Mintxetako zirkuituan korrika igandean, hamabi herrialde eta lau kontinente ordezkatuko dituen korrikalari andana, tartean txapeldun olinpiko bat eta Diamond Leagueko irabazle bi. Izan ere 2020az geroztik World Athleticsek -garai baten IAAF izenaz ezaguna- ez du alferrik Elgoibarko Krosa bere mailarik gorenekoen artean izendatu. Txapeldun olinpikoa Bahraingo Winfred Yavi atleta da. 2023an Elgoibarren hirugarren sailkatu ostean, urte hartan bertan Munduko Txapelketa eraman zuen 3.000 metro oztopoen lasterketan, sasoi hartako Diamond League txapelketaz gain. Urtebete geroago, proba horretan bertan urrezko domina ere kolkoratu zuen Parisko Olinpiar Jokoetan. Bera izango da emakumeen lasterketa irabazteko hautagai nagusia, Sheila Jebet kenyarrarekin eta Marwa Bouzayani tunisiarrarekin batera. Gizonezkoei dagokienez, faborito nagusia Etiopiako Berihu Aregawi da. Ez da alferrik azken bi urteetan nagusitu Mintxetan eta hirugarrenez kroseko munduko txapeldunorde geratu berriro ere. Azken bi denboraldietan Diamond League irabaztea zer den ere badaki Parisko Olinpiar Jokoetan 10.000 metroetan zilarrezko domina jantzi zuen korrikalari honek. Aregawiren aurkaririk gogorrena Etiopiako jatorria duen Thierry Ndikumwenayo espainiarra izango da, iragan urteko Europako kros txapelduna. Horrez gain, 2007an jaiotako Saymon Amanuel Eritreako atleta eta Kenyako Matthew Kipkoech Kipruto harribitxia, 2005ean sortua bera, aintzat hartzeko atletak izango dira, halaber. MINUTU BATEKO ISILUNEA Emakumeen Senior lasterketa 12.35ean hasiko da eta 7.621 metroko ibilbide gorabeheratsuari egin beharko diote aurre. 13.15ean, berriz, Gizonen Senior lasterketari ekingo zaio, 9.707 metroko ibilbidea osatzeko. Azken proba horri ekin aurretik, ordea, joan zen maiatzaren 31n hildako Lackie Stewart korrikalari ohi eskoziarra omenduko da, minutuko isilunea eginez. Stewart hiru bider izan zen Elgoibarren garaile: 1969., 1970. eta 1972. urteetan. Lasterketa nagusi biak ETB 1en bidez ikusi ahalko dira zuzenean, baina antolatzaileek Mintxetara bertaratzeko eskatu dute. «Eliteko kirola eta oinarrizkoak bat egiten dute Juan Muguerza Krosean», azpimarratu zuen Zigor Diez Mintxeta Atletismo Taldeko arduradunak. Goizeko 09.00etatik aurrera zabalik izango dira Mintxetako harmailak.