15 JAN. 2026 KOROA BEHAR EZ DUTEN ERREGINAK Gasteiztik 15 minutura bizi den arrano beltz bikote bati jarraipena egin zion hiru urtean Martin Barandalla argazkilari eta naturalistak. Horren emaitza, «Arabako erreginak» izeneko erakusketa. «Aurrera doan bizitzaren lekuko» da argazkiaren izenburua. (Martin) Amaia EREÑAGA «Arrano beltzen ugaltze zikloko fase guztien erretratuak egin ahal izan ditut, baina esango nuke bat dela ikusgarriena: gazteek gurasoekin batera hegan egiten dutenean», esan du Martin Barandallak, ondoko arrano gazte eta dotorearen argazki honi buruz mintzatzean. «Papoa betetzeko adina haragi jan zuen. Eta, nire harridurarako, jaten amaitu ondoren, gordelekutik lau metrora zegoen putzu artifizial batera hurbildu zen. Bainatu eta ura edan, eta handik ordubetera ibarrean desagertu zen». Atarian, Salburuko hezeguneen interpretazio zentroan, jarri ditu Barandallak 25 argazki eta 9 minutuko film laburra ikusgai. Donostiarra jaiotzez, egun Burgoseko iparraldean bizi da. 2019 eta 2022 bitartean Arabako Erriberagoitiko Pobesen kokatutako Saitoki izeneko hied-ean -hegaztiei argazkiak ateratzeko gunean- harrapari hauei egindako jarraipenarekin osatutako erakusketa hau Baionan eta Baigorrin ere erakutsi du.