GARA Euskal Herriko egunkaria
BERA BERAKO KAPITAINARI ELKARRIZKETA
Entrevue
MAITANE ETXEBERRIA
Bera Berako eskubaloi jokalaria

«Liga ahaztu gabe, Kopa etxean jokatzea eta irabaztea da ametsa»

Super Amara Bera Berarekin dena irabazi du Maitane Etxeberriak (Lezo, 1997). Iaz, esaterako, hirukoa egin zuten: Liga, Kopa eta Superkopa. Aurten, Europatik kanpo jada, beste erronka batzuk lortzen saiatuko dira. Iaz, pena handiz, eskuin-hegal lezoarrak agur esan behar izan zien Ester Arrojeria eta Alba Menendezi, baina indarberrituta dago kapitain lanetan.

(Jon URBE | FOKU)

Super Amara Bera Berak Ligako lehen postuan amaitu zuen 2025. urtea, 13 partida jokatuta eta 12 irabazita. Munduko Txapelketatik iritsi berri, Maitane Etxeberriak NAIZ Irratian urteko analisia egin zuen duela aste batzuk. Ordutik hona, Malagaren aurka irabazi eta Elxen kontra lehen porrota jaso du taldeak, baina lider izaten jarraitzen du. EHF European Leaguetik kanpo geratu izana «kolpe handia» izan bazen ere, «arantzatxo hori kentzeko gogotsu» dago lezoarra.

Liga geldialdia amaituta, Malagaren aurka bueltatu eta 31-28ko garaipena lortu zenuten. Nolako partida izan zen?

Partida zailenetariko bat izan zen, hilabete oso bat baikeneraman denok batera entrenatu gabe. Taldetik dezente joan ginen nor bere selekzioetara eta geldialdian ez genuen entrenatzeko aukera izan. Egia da hiru eguntxotan entrenatu ginela igandetik asteazkenera, baina partida zaila izan zen.

Oro har, zer balorazio egiten duzu jada atzean utzi dugun 2025. urtearen inguruan?

Esango nuke aurreko denboraldia borobila izan zela. Azkenean hirukoa lortu genuen; gure helburua Europan pauso bat aurrera ematea zen, eta hori ere lortu genuen. Pertsonalki nik ez nuen inoiz bizi izan partida bat horrenbeste jenderekin eta Gaska hain beteta ikustea niretzat oso polita izan zen.

Ligan liderrak, erregulartasunaren eredu. Beraz, Liga berriro irabazteko faborito.

Liga oso luzea da eta partidaz partida joan behar dugu, lan handia dago atzetik eta gure helburua hori da.

Zu zeu nola ari zara?

Nik uste dut aurten rol desberdina daukadala, eta hasieran pixka bat kostatu zitzaidan, baina taldekideek asko erraztu dute hori. Gainera, hasieratik niretzat tarte bat utzi zidaten nigan zentratzeko. Alde horretatik, ni lasai nago eta niretzat hori da helburu nagusia, lasai jokatzea.

Hirugarren aldiz Iberiar penintsulako Superkopa irabazi zenuten. Beraz, pozik.

Bai. Nire ustez, hori zen denboraldiko lehenengo helburua. Denboraldiaurrean horretarako entrenatzen ibili ginen eta lortu genuen. Superkoparen ondoren, egia da beste helburu batzuen bila hasi ginela.

Agian helburu horiek Liga eta Kopa irabaztea izango dira.

Oraintxe bertan, bai.

Eta bide onetik zoazte.

Bai. Gainera, Kopa aurten hemen da, Donostian. Nik uste dut oso polita izango dela hori bizitzea.

Eta ziur Gaska ere beteta egongo dela. Bestalde, Europako txapelketatik kanpo gelditu zineten Munduko Txapelketara joan aurretik. Nola oroitzen duzu partida hori?

Nik uste partida oso gogorra izan zela. Bagenekien hemendik joanda gogorra izango zela partida eta kanporaketa gogorra izango zela. Baina nik uste saiatu ginela dena ematen eta horrekin geratu behar dugu. Azkenean, pena handia izan zen, bai; penaltietaraino iritsi ginen. Baina egia da azkar aldatu behar izan genuela txipa. Hurrengo egunean selekzioarekin joan behar genuen; beraz, ez dugu denbora asko izan dena asimilatzeko.

Zozketak aurkari zaila ekarri zuen, Frantziako Dijon, baina oso gertu egon zineten.

Bai. Nik uste dut horrekin geratu behar dugula. Azkenean, egia da zozketan Europan ez zaizula ekipo errazik tokatuko, denak izango dira zailak. Baina nik uste dut geratu behar dugula honekin: beraien kontra jolastea eta penaltietara iristea ez dela gauza erraza.

Gainera, Gaskako partidan hiru goleko abantaila lortu zenuten eta gero penaltietan galdu. Bigarren urtez jarraian penaltietan kanpoan gelditu zarete, ezta?

Bai. Horrek eman zigun amorru handiena. Penaltietara iristea ere oso zaila da, eta bi urte jarraian horrela penaltietara iristea... Nik uste dut aurten ere talde oso gaztea dugula eta penaltietan ere hori nabaritzen dela.

Europan kanporatuta geratu ostean, urteko helburu nagusia bertan behera gelditu zela esan dezakegu?

Bai, bai. Nire ustez, helburu nagusia Europan pauso bat aurrera ematea zen, beti bezala. Aurreko urtean Gaska horrela ikusita, guk ere gehiago nahi genuen. Baina orain beste helburu batzuk jarri ditugu, horien bila joan behar dugu, eta Gaskak beteta jarraitzen duela batez ere. Guretzat hori ere garrantzitsua da.

Munduko Txapelketa hizpide, lehenik eta behin, zer moduzko esperientzia izan da? Zer balorazio egiten duzu?

Urte bat neraman joan gabe eta talde berri batekin aurkitu naiz, oso gaztea. Espektatiba handirik gabe joan ginen. Ez genuen helbururik jarri Mundialari begira. Hitz egin genuena izan zen partidaz partida joatea eta ikustea zer puntutan geunden gu beste selekzioekin konparatuta, eta hori egin genuen azkenean.

Txapelketa ona egin duzue, baina Faroe uharteen aurkako partida galga izan zen.

Azkenean, Mundialean edozein partida galduta, puntuak galtzen zenituen eta beste selekzioek ere ez dute barkatzen. Orduan, zaila izan zen.

Espainiaren taldean minutu gehien jokatu duen jokalaria izan zara, Kaba Gassamaren atzetik. Beraz, Bera Beran ez ezik, ezinbestekoa zara selekzioan ere.

Annerekin [Erauskin] joan nintzen eta Anne azkeneko partidetan lesionatuta egon zen. Orduan, nik uste horregatik ere jokatu nituela minutu gehiago, baina Annerekin gustura egon naiz eta nik uste dut pareko jokatzen ari ginela.

Eta alde pertsonalean emandako mailarekin ere gustura?

Bai. Azkenean, nire asmoa lasai egotea zen eta batez ere disfrutatzea. Eta nik uste lortu nuela.

Taldeko 11 jokalari egon zineten Munduko Txapelketan. Taldearen osasun onaren seinale, ezta?

Nik uste gauzak ondo egiten ari direla eta batez ere jendea ere gustura dagoela. Azkenean, gustura zaudenean gauzak hobeto irteten zaizkizu.

Urte berriari ekin diogula, zeintzuk dira 2026rako kirol erronkak? Taldearenak, eta zeureak, noski.

Taldearekin, batez ere lehen esan dudana, Kopa eta Liga irabaztea. Eta, pertsonalki, niretzat Kopa etxean jokatzea oso emozionantea da. Beraz, Koparako ondo egotea eta lasai egotea.