19 JAN. 2026 Begi berriak Jon GARMENDIA Idazlea Izan zitekeen Otsondorantz hartuta Gorramendira bidean, Amaiurko etxarriaren belardiak azpian daudela, edo Erratzutik gora eginaz Behereko bentatik Baigorrirantz, eta alderantziz; Larhun magalean Lizuniagatik behera Sarako oihanetik barna, Berruetetik Zugarramurdirat Urtxola gibelean utzita; Lizarrietan, Etxalarko mugetan, ehunka usoren pasia lotura ikusezinetik askatu gabe dagoela jakinda. Natura sakonaren bihotzean igande bat luzea bihurtzen zait, luze irauten duen oroitzapen bat. Mugak sustraietan zein lainoetan lausotzen zaizkidan tokian santutegi bat balego bezala. Eta marraztutako mapetatik ihesi, zuhaitzen eta landareen sinfonia goxoa nagusi. Hau ez zegoen arrazionalki planeatua, plana hala suertatu da irrazionalki. Badakit, ordea, ez dela erraza eguneroko bizitzaren kateak haustea, hirietako zalapartatik aldentzea, baina furgonetak dira nagusi errepidean, asteburu pasa diseinatutako bizimoldearen ikur gisa, eta hor zalapartatik aldentzeko beharra baizik ez dut ikusten. Halere, bake aisialdi hau hostoetan haizea eta uretan marmar zuhurra entzuten dakitenentzat baino ez dagoela zabalik oihukatu nahi nuke. Modak eta ohitura berriak goroldiozko geruza lodiz eta iratze delikatuz lurrak estaliko dituela baneki bezala. Eta hau dena Marcel Prousten «le véritable voyage consiste non pas à chercher de nouveaux paysages, mais à avoir de nouveaux yeux» esalditik landa idatzi baitut: benetako bidaia ez da paisaia berriak bilatzea, begi berriak izatea baizik.