22 JAN. 2026 PRIMAL (3. DENBORALDIA) Basakeriaren erdian sortzen den lotura Gaizka IZAGIRRE HERNANI Genndy Tartakovsky sortzaileak naturaren krudelkeria eta indarkeria primitiboa maisutasunez islatzen ditu “Primal” animaziozko telesailean. Inor ez dago oihaneko legetik salbu, eta hori argi geratuko da hasieratik bertatik, indarkeriazko eszenen eta mugarik gabeko basakeriaren bidez. Telesailak historiaurreko gizon baten eta dinosauro baten istorioa kontatzen du. Ustekabeko lotura bat sortu dute biek, heriotza nonahi dagoen mundu basati eta primitibo batean bizirik irauten saiatzen diren bitartean. Elkarrizketarik gabeko proposamena da: keinuek, giroak eta soinu banda indartsuak gidatzen dute kontakizuna, narratibari indar emozional paregabea emanez. Animazioaren bidez emozio eta gatazka konplexuak transmititzeko gai den proposamena da. Protagonisten arteko begiradek, mugimenduek eta elkarrekintza bakoitzak pisu emozional handia izango dute. Gizakiaren eta dinosauroaren arteko harremana da telesailaren muina: elkarrekiko konfiantzan eta biziraupenean oinarritutako aliantza bat, inguruko basakeria gorabehera, gizatasuna, leialtasuna eta enpatia adierazten dituena. Telesailak biziraupena, indarkeria, galera eta lotura emozionala aztertzen ditu, moral tradizionalik gabeko ingurune batean. Ez du naturaren krudelkeria ezta protagonisten sufrimendua ere leuntzen; alderantziz, bizitzaren gordintasuna eta hauskortasuna zuzenean sentiarazten dizkio ikusleari. “Primal” animazio garaikidearen panoraman lan ausarta eta bakarra da; akzioa, emozioa eta estetika bisuala maisuki uztartzen dituen telesaila. Hitzik gabe hunkitzeko duen gaitasunak eta bere pertsonaien basakeria zein samurtasuna erakusteko duen trebetasunak animazioa adierazkortasun eta heldutasun handiko bitartekoa izan daitekeela erakusten dute.