GARA Euskal Herriko egunkaria

Donostiako Herrera auzoan 30 pertsona «kale gorrian» gera daitezke

Atzo egindako agerraldia. (DONOSTIAKO HARRERA SAREA)

Donostiako Herrera auzoko Jolastokietako 4. pabiloian bizi diren 30 pertsona etxegabetu egingo dituzte, urtarrilaren 26rako iragarrita dagoen kaleratzea dela eta, atzo Donostiako hainbat gizarte eragilek agerraldi batean salatu zutenez. «Kale gorrian» utziko dituzte alternatibarik gabe, eta, nabarmendu zutenez, «ez da kasu isolatu bat».

«Donostian gero eta ohikoagoa da etxegabetzeak modu azkarrean eta isilean gauzatzea, pertsonen egoera soziala edo ekonomikoa kontuan hartu gabe, eta benetako alternatibarik eskaini gabe», salatu zuten. Gaineratu zutenez, Zardoya Otis eremuko Jolastokietako 4. pabiloiaren etxegabetzearen data jarrita zegoela argudiatuta, doako justizia eskatzeko aukerarik ez zaie eman etxegabetuko dituztenei, «beren burua juridikoki defendatzeko eskubidea ukatuz». Hirian etxerik gabe bizi diren 500 lagunei eskaintzen zaizkien alternatibak «oso urriak» direla salatu zuten: hiru hilean behin bost gau aterpe batean pasatzea, eta, «behin hori igarota, kalea da ematen zaien alternatiba bakarra».

Salaketa egin zutenen artean daude, besteak beste, Donostiako Harrera Sarea, Kaleko Afari Solidarioak, Herripe Auzo Elkartea, Altza XXI, Saretxe Etxebizitza Sindikatua, Guztiontzako Egia Auzotar Sarea, EHGAM, Donostiako Asanblada Antirrazista, Jardun Koordinadora, CNT, Steilas, LAB, Bilgune Feminista eta Etxebizitza Sindikatu Sozialista.