31 JAN. 2026 RETURN TO SILENT HILL Laino artean galdutako itzulera Gaizka IZAGIRRE HERNANI Iraganeko itzalek bultzatuta, James Sunderland Silent Hillera itzuliko da, bere maitasun galdua, Mary Crane, aurkitzeko asmoz. Baina herri txiki ilun eta triste hori jada ez da haien oroitzapenak gordetzen zituen lekua. Jamesek ezagunak iruditzen zaizkion pertsonaiekin topo egingo du, eta haiek Maryren bilaketa oztopatzen saiatuko dira. Hori da “Silent Hill” unibertsoko film berriaren abiapuntua. Filmak saiakera nabarmena egiten du unibertso horretako hainbat elementu fideltasunez berreraikitzeko, eta tarteka badira irudi surrealista benetan deigarriak, batez ere lainoak irentsitako herria eszenaratzean eta izakien diseinu bitxi batzuetan. Bisualki, herri sorginduaren atmosfera itogarri eta zapaltzailea nahiko ongi jasotzen da, baina efektu digitalak zenbait unetan kaskar samarrak dira eta horrek sinesgarritasuna eta indarra kentzen dio kontakizunari. Gidoiari eta zuzendaritzari dagokienez, gutxi dago azpimarratzeko: pertsonaiak lauak dira, motibaziorik gabeko itzal hutsak, eta ez dute ikuslearen enpatia pizteko gaitasunik. Filmaren egitura bera ere nahasia da; izan ere, oroitzapen zatituak balira bezala, flashbackak eta jatorrizko materiala ezagutzen ez dutenentzat zentzurik ez duten eszenak nahasten ditu. Pelikularen ahulgune nagusia, ordea, istorioa bera da. Batetik, gertatzen ari den horretan zer den benetakoa eta zer ez bereiztea ezinezkoa da, eta, bestetik, kontakizunak ez du ez tentsiorik, ez erritmorik, eta jakin-minik ere ez du sortzen. Ia ehun minutuz, James noraezean dabil, laino artean galdutako arima bat bezala, inolako emoziorik transmititu gabe. “Silent Hill”-en munduko zaleak erakar ditzaketen une batzuk gorabehera, pelikula irudi surrealista solte eta nahasi batzuen pilaketa baino ez da: azalekoa, desorekatua eta ahula.