GARA Euskal Herriko egunkaria
LEFT-HANDED GIRL (LA CHICA ZURDA)

Eguneroko keinu txikien indarra


Zein berezia den Shih-Ching Tsou zinemagile taiwandarraren lehen film luzea. Sean Bakerrekin batera idatzitako gidoian oinarritzen da, eta Baker berak, gainera, muntaketa eta koprodukzio lanak egin ditu.

Ama ezkongabe baten eta haren bi alaben istorioa kontatzen du. Taipeira iristean, hiriburuko gaueko merkatu zalapartatsuan fideo postu xume bat irekiko dute. Landako bizimodua atzean utzita, hiriaren erritmo biziak harrapatuko ditu, eta bakoitzak bere modura ikasi beharko du bizimodu berri horretan nola moldatu. Narrazioak langile familia baten presio ekonomikoak eta kulturalak arakatzen ditu, eguneroko keinu txikietan islatzen diren tentsioen bidez. Aitonak, tradizio zaharren zaindari gisa, alaba txikiari errieta egingo dio ezkerra delako, «deabruaren eskua» duela esanez. Sineskeria horretatik -arau patriarkalei eta sakon errotutako aurreiritziei lotua- gatazkak sortuko dira, eta, hala, identitateari, gorputzaren kontrolari eta familiaren barruko botere harremanei buruzko galderak azaleratuko dira.

Maila estetikoan, filmak lotura argia du Sean Bakerren zinemarekin: benetako lokalizazioetan filmatua, argi naturalak eta inguruko kolore biziak baliatuz, errealitatearen taupadari leial. Filma osorik mugikor batekin grabatu da eta horrek irudiari hurbiltasun berezi bat ematen dio: zuzena, organikoa, ia ukigarria. Estilo horrek ikuslea Taipeiko gaueko merkatuaren bihotzera eramango du, zarataren, argien eta mugimendu etengabearen erdira.

Lan delikatua eta sakonki behatzailea da “Left-handed girl”, egunerokotasunaren zuntzetik abiatuta gai unibertsalak jorratzen dituena: familiakoa izatea zer den, desberdintasuna nola zigortzen edo onartzen den, eta boterea nola transmititzen den belaunaldiz belaunaldi, askotan hitzik esan gabe.