05 FéV. 2026 Galerien ateak itxita,arteari bideak zabaltzeko Hego Euskal Herriko galeriek euren ateak itxi zituzten astelehenean eta, igandera arte, ez dute jardun publikorik izango. Espainiako Arte Garaikideko Galerien Partzuergoak Estatuko galeriak mobilizatu ditu Espainiako Gobernuaren erabakiaren aurka protestatzeko, EBk jaitsiera ahalbidetu arren, arte salerosketen BEZa %21ean mantendu baitu. Beste herrialde batzuek aplikatu dute araua. Ipar Euskal Herrian %5,5ekoa da BEZa. Laura Esteve margolariaren erakusketa muntatzen Ekain Arte Lanak galerian. (Iñigo URIZ | FOKU) GARAZI CASTAÑO GARA Ikusmina duen edonorentzat ateak parez pare zabalik izan ohi dituzte arte galeriek, baina ez da kasua egunotan. Iker Antia Arteztu Galeriako zuzendaria da. Donostiako galeriak bat egin du greba deialdiarekin eta, beraz, «bestelako lanak egiten jarraituko dugu», baina doako erakusketarik gabe. Protestara batu dira, halaber, Donostiako Ekain Arte Lanak galeriako Rita Unzurrunzaga eta Bilboko SC Gallery + Proyects plataformako Sergio Garcia. Hirurekin hitz egin du GARAk. Europar Batasunak 2022an onartu eta iragan urtetik indarrean den zuzentarauan oinarrituta, artelan, antigoaleko eta bildumarako objektuen salerosketen BEZa nabarmen jaitsi dute herrialde ugarik, baina Estatu espainolean %21ean mantendu da. Desabantailak bigarren aurpegi bat du. 2019an Espainiako Gobernuak %10era jaitsi baitzuen BEZa kultur arloan. Baina jaitsiera horrek musika, zinema eta antzerki arloko artista, zuzendari eta teknikariei eragin zien eta kanpoan gelditu ziren arte galeriak. Ez da galeriek protesta egiten duten lehen aldia. Oraingoan ordea, oihartzun handiagoa lortzen ari direla deritzo Ekain Arte Lanak galeriako zuzendariak: «Ez dakit noraino informatua dagoen jendea, baina nabaritzen ari da hedabideen eta bezeroen partetik desabantailaren berri izaten ari direla». Batasuna gakoa izan dela dio Garciak: «Hemeretzi urte daramat mundu honetan eta uste dut hau izan dela deialdi indartsuena, denok edo ia denok itxi dugulako». ARTISTAK ERE GALTZAILE Galeristez gain, artistek ere, eta bereziki hasiberriek, nabaritzen dute BEZaren desberdinkeria. Garciak azaldutako moduan, «galerietatik euskal artisten ibilbideak bultzatzen ditugu, haien obra nazioartean ezagutarazi, beste galerietan esposizioak bilatu...». Antiak ere uste du artisten lanaren sostengurako arte galeriak ezinbestekoak direla: «Oso espazio gutxi dituzte beren lanak erakusteko; ildo horretan, ongi etorriak edozein motatako espazioak». Merkatuaren logika zitala da eta prezio diferentzia kontuan hartuta «jende asko egoten da itxaroten euskal artista batek ia erakusketarik egiten duen kanpoan, han erosteko». Nabarmendu duenez, horrek hasiberrien lana are gehiago zailtzen du. Herri zatitua da gurea eta, kasu honetan ere, eragina agerikoa da. Antiak berak eman digu alderaketaren irudikapen argigarria: 20 kilometro eskas daude Donostia eta Hendaia artean. Artelan berak %15,5eko prezio diferentzia du distantzia labur horretan. Eta kasualitateak kasualitate, distantzia berean egin du azpimarra Unzurrunzagak eta gehitu du «hemengo bezeroak geroz eta gutxiago» direla. «Turistei esker gaude tente, sentsibilitate bat dute eta hemengo artea erosten dute». Garciak aitortu du, SC Galleryren kasuan, online salmentari esker daudela zabalik. ARTEA: ELITEENTZAKO ALA HERRITARRENTZAT? Arte galerien ikuskerarekin hausteko premiarekin bat egin dute hiru galeristek. «Bai, obrak saltzen ditugu. Baina horrez gain obrak ekoizten ditugu, bitartekaritza lanak egin, ikerketa...», dio Garciak. «Negozioaren bitartez bizi gara, baina kultura doan kontsumitzeko aukera eskaintzen dugu» gehitu du Unzurrunzagak. Hamabost urte daramatza galerista lanetan Antiak «eta oraindik badira zenbait herritar erakusketak kristaletik ikusten dituztenak. Harrapatzen ditudanean beti egiten diet sartzeko gonbita». Bide beretik Garcia: «Agian hori da falta zaiguna, gizarteari komunikatzea espazio irekiak garela, galeria guztiak ez garela elitistak eta gure xedea ere badela artisten lana irisgarria egitea». SALBUESPENA Arauak %5 eta %8 bitarteko BEZa aplikatzea ahalbidetzen die Gobernuei. Frantses Estatuan %5,5eko BEZa aplikatzen da orain eta Portugalen -aldaketa egiten azkena izan zen urtarrilean-, %6koa. Italiak eta Alemaniak %5eko eta %7ko zergak onartu dituzte, hurrenez hurren. Espainiako Gobernuak %21ean mantendu du.