06 FéV. 2026 MAMLAKET AL-QASAB Sinpletasunaren atzeko tragedia GAIZKA IZAGIRRE HERNANI Canneseko zinema jaialditik eta Donostia Zinemaldiko Perlak Sailetik igaro ondoren, zinemetara iritsiko da “Mamlaket Al-Qasab” film irakiarra. Lan honek, modu nahiko bitxian eta naturalismoaren kodeak erabiliz, komedia eta drama nahasten ditu. Lamia izeneko bederatzi urteko neska baten begiradatik kontatuta dago eta Saddam Husseinen urtebetetze egunaren aurreko bi egunetan girotuta, 1990eko Iraken. Merkatuetan apenas aurki daiteke janaririk, eta gosea nagusi da herrialde osoan. Eskolan antolatutako zozketa batean, Lamiari tarta bat eramatea egokituko zaio; baina ez du ez osagairik, ezta dirurik ere. Hala ere, tarta derrigorrez eraman behar du, bestela ondorio latzei aurre egin beharko die. Narrazioaren ardatza osagaien bilketa izango da; baina bilaketa hori, funtsean, aitzakia besterik ez da herriaren miseriak agerian uzteko. Lamiak biziko dituen gorabeherak eta oztopoek markatuko dute kontakizunaren erritmoa eta tonu aldakorra. Kamera Lamiaren ikuspuntuan kokatuko da hasieratik eta ikuslea, kale estuetan, errepide hautsietan eta teilatuetan barna, haren bidelagun bihurtuko da. Gazteak era askotako gertaerak bizitzen dituen bitartean -besteak beste, Saeed izeneko beste haur bat batuko zaio-, herrialdearen egoeraren lekuko bihurtuko da ikuslea. HASAN HADI Zinemagile irakiarra indartsu azaldu da nazioarteko zinemaren panoraman, bere herrialdeko bizitzari buruz duen begirada pertsonal eta sakonki gizatiarrari esker. Film honek mugarri historikoa ezarri du egilearen herrialdeko zinemarentzat: Canneseko zinema jaialdian hautatutako lehen film luze irakiarra izan zen, eta, gainera, debut onenari ematen zaion Caméra d’Or saria eta 2025eko Directors’ Fortnight Audience Award saria eskuratu zituen filmak. Sari horiek Hadiren indar narratiboa eta sentsibilitatea azpimarratzen dituzte.