18 FéV. 2026 Entrevue JOSU ETXABURU Gure Eskuren eleduna «Herri libre batek herritar libre eta jantziak behar ditu» Josu Etxaburu Gure Eskuren eleduna NAIZ Irratian izan da, otsailaren 28an Bilbon egingo duten bigarren konferentzia subiranistaren berri emateko. Burujabetza, nazioa eta etxe barruko adostasunak izan ditu hizpide, nazioarteko testuinguruari ere erreparatuta. (Marisol RAMIREZ | FOKU) Peli LEKUONA - I. CAMBRA BILBO Gure Eskuk otsailaren 28an Bilbon egingo du II. konferentzia subiranista, burujabetza eta XXI. mendeko nazioaren inguruko gogoeta sustatzeko asmoz. Josu Etxaburu eledunak astelehenean NAIZ Irratian azaldu zuenez, beharrezkoa da «naziogintzaren inguruko eztabaida espazio partekatuetara eramatea» eta herritarren artean zabaltzea. «Naziogintzan eta burujabetzaren alde hainbat alorretan lanean ari garen eragile eta norbanakoek gogoetarako eta iritziak trukatzeko espazioak eta momentuak behar ditugu, eta, nola ez, bertako hausnarketak Euskal Herriko gainerako eragileekin eta herritarrekin partekatu. Debate hori kalera atera behar da. Behin eta berriro esaten dugun moduan, herri libre batek herritar libreak eta jantziak behar ditu», adierazi zuen. Eredu ireki eta inklusibo bat Nazioarteko testuinguruari dagokionez, burujabetzaren eta nazioaren ideiak «berriro ere erdigunean» daudela nabarmendu zuen. «Nork erabakitzen duen, subjektu burujabea zein den. Horri buruz ari gara hitz egiten. Nork agintzen duen, baita non agintzen duen, nortzuen gainean eta nola egiten duen ere. Nazioaren defentsan begi bistakoa da indar eta mugimendu batzuen ezaugarriak balio erreakzionarioekin lotzen direla». Baina Gure Eskuk bestelako ikuspegi baten alde egiten duela zehaztu zuen: «Gu sinetsita gaude badagoela eredu ireki eta inklusibo bat, ez diona esentzialismoari begiratzen eta herritarren eskubideetan oinarritzen dena. ‘Hormak eta harresiak ez ditugu maite’ kantatzen genuen eta jarraitzen dugu kantatzen». Bilboko hitzorduan estatuen eta nazioen itzulera aztertuko dute, eta Kataluniako egoerari ere begiratuko diote, besteak beste, Omnium Culturaleko ordezkarien parte hartzearekin. Hain zuzen, Xavier Antich bertako presidentea elkarrizketatuko dute. Etxabururen hitzetan, konferentziak «pedagogikotik eta egin beharrekotik asko» izango du. Halaber, abagune politikoaren analisia egingo dute Jon Olano, Maite Ubiria eta Jurdan Arretxe kazetariek, Ane Urkiri NAIZeko zuzendariak moderatuta. Beste bloke batean, Euskal Herriaren naziogintza eredua aztertuko dute. Vicent Flor, Michel Cahen, Nagore Calvo eta Malen Dominguez hizlariek adieraziko digute zer-nolako eraikuntzak eta diskurtsoak ari diren antolatzen. Komunitatea trinkotu Espainiar eta frantziar estatuen testuinguru politikoari buruz galdetuta, lehentasuna etxe barruko lanketari ematen diotela azpimarratu zuen Gure Eskuko ordezkariak: «Kanpora begiratzea beharrezkoa da, baina trinkotu behar duguna gure komunitatea da. Gure arteko adostasunak landu behar ditugu». Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan egiten ari den estatus berriaren negoziazioari dagokionez, erabakitzeko eskubideak jasota geratu behar duela defendatu zuen Josu Etxaburuk: «Oso arraroa litzateke nazio aitortza ematea eta nazio hori osatzen dugunon eskubideak ukatzea. Onartzen den horrek herritarron parte hartzea behar du». Ipar Euskal Herrian eta Nafarroan martxan diren prozesuei buruz ere baikor mintzatu zen. «Gure lurraldeetako edozeinek burujabetza prozesuan aurrera egiten badu, horrek beste lurraldeetako prozesuak ere indartzen ditu», azaldu zuen. Herritu ekimena komunitatea indartzeko tresna gisa aurkeztu zuen. «Herritu da komunitatea garela adierazteko tresna bat, euskal herritarrak garela esateko eta munduari nazio bat garela erakusteko», nabarmendu zuen. LURRALDEAK«Gure lurraldeetako edozeinek burujabetza prozesuan aurrera egiten badu, horrek beste lurraldeetako prozesuak ere indartzen ditu»