GARA Euskal Herriko egunkaria
EDITORIALA

Enpresen inpunitatea desagerrarazi behar da


Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren arabera, Maderas de Llodio enpresako 35 langileri ezarritako enplegu erregulazioko espedientea (EEE) «ez dator zuzenbidearekin bat». Atzo aditzera emandako ebazpen horrek dioenez, enpresak ez ditu «behar bezala frogatu» kaleratze kolektibo horren arrazoiak. ELA eta LAB sindikatuen iritziz, ebazpen horrek aurretik ere azpimarratu izan dutena berresten du: EEE hori ez zegoen justifikatuta eta 35 langileak «era injustuan kaleratu» zituzten. Orain hurrengo pausoak zehazten ari dira.

Enplegu erregulazioko espedientearen prozesuaren nondik norakoak ezagututa, ez da harritzekoa auzitegiaren ebazpena. Maderas de Llodion egurrezko xafla kontratxapatuak egiten dituzte eta orain arte, behintzat, ez zegoen krisi zantzurik. Halere, kapital metaketaren logika aseezinak mugituta, patronalak EEEa abiatzea erabaki zuen. Horren aurrean, langileak aurka agertu ziren. Enpresa komiteak proposamen bat adostu, langileen gehiengoaren babesa lortu eta patronalari aurkeztu zion, baina hark, proposamenari ez ezik, negoziatzeari berari ere uko egin zion. Eta, grebak greba eta protestak protesta, 35 langileak kaleratzeari ekin zion, aldebakarrez. Gainera, behar bezala jakinarazi gabe; izan ere, langile horiek jakinarazpenen aurretik jaso zituzten kalte ordainak. Bien bitartean, ordezkari sindikalek Lakuako Gobernuari bilera eskatu zioten, esku har zezan, baina ez zuten neurriko erantzunik jaso, formek beraiek islatzen dutenez: langileekin bilera bat egiteko zer eta bi aste luze behar izan zituzten. Jada beranduegi zen.

Hortaz, arazoa ez da soilik Maderas de Llodiok kaleratzeak ez dituela «behar bezala frogatu», baizik ez dituela frogatu ere egin, ezta jakinarazi ere. Are okerrago, ez duela hala egiteko beharrik izan. Horren aurrean, ebazpenari segida emanez, ezinbestekoa da kaleratutako langileak berriz hartu, komitearen proposamenari heldu eta enpresen erabateko inpunitatea desagerraraztea. Ekimen sindikal eta sozialen bidez, jakina, baina baita instituzio publikoek bestelako irmotasunez jokatuz ere. Azken ebazpena langileen, eskualdearen eta ehun industrialaren aldekoa izango bada, denen bultzada beharko da.