20 FéV. 2026 WUTHERING HEIGHTS «Scroll» bakarrean agortzen den drama Gaizka IZAGIRRE HERNANI Emily Brontëren eleberriak hogeita hamabost moldaketa inguru izan ditu; eta, oraingoan, Emerald Fennell zinemagilearen txanda iritsi da. Ez gaude ohiko egokitzapen klasiko baten aurrean, eta zuzendariak izan duen ausardia hori aitortu beharra dago. Baina gaur egungo zinema hiztegian “arrisku” hitzak sarritan “gehiegikeria” eta azpimarra astuna adierazten ditu; eta film honek ez dio joera horri ihes egiten. Filmak klasikoa eta modernoa izan nahi du, fidela eta berritzailea, solemnea eta transgresorea. Baina dena besarkatu nahian, ez du estutzen. Tarteka badirudi pop kutsuko berrirakurketa batekin jolasean ari dela, baina erritmoa, ñabardurak eta autokontzientzia falta zaizkio. Dena da enfatikoa eta azpimarratua. Margot Robbie aktoreak sendo eusten dio filmari; lehen planoetan presentzia du, eta melodramaren zama bikainki kudeatzen du. Ezin da gauza bera esan aldiz Jacob Elordiri buruz. Iluntasun magnetikoa eta amorru eutsiezina behar zituen pertsonaiak eta, hemen, ordea, itxurakeria besterik ez dago. Zuzendariaren aurreko lanean, “Saltburn” filmean, gertatzen zen bezala, hemen ere zenbait eszenak bikain funtzionatuko lukete TikTok-eko post gisa. Azkar kontsumitzeko eta “like”-ak pilatzeko diseinatutako irudi ikusgarriak dirudite, “scroll” azkarrean distiratu eta berehala desagertzeko modukoak. Pertsonalki, bost axola zait filma eleberriarekin leiala ez izatea; alderantziz, hausturak beti dira interesgarriak. Baina haustura hutsala bada, estetika hutsean geratzen bada, orduan arazoa ez da fideltasuna, sakontasunik eza baizik. Eta estetika zaindu eta distiratsuaren azpian, oso gutxi dago nabarmentzeko.