24 FéV. 2026 EDITORIALA Egiari bidea eman, eskuin muturrari ateak itxi Urte luzez, 1981eko otsailaren 23ko estatu kolpearen gainean isiltasuna eta kontsentsua izan dira arau Estatu espainolean. Eskuinak ez du aldarrikatu; ezkerrak ez du galdetu. Euskal Herrian, zorionez, memoria beste osagai batzuekin elikatu, eta kontrako norabidean eraiki da, besteak beste 1976ko martxoaren 3ko sarraskia dela medio -memoria demokratikorako leku izendatu zuen atzo Gobernu espainolak Gasteizko San Frantzisko eliza-. Baina bertsio ofizialak harrian zizelkatua zuen O23an egin zela adinez nagusi demokrazia espainola. Kontsentsu hori txikituta dago Estatu espainolean, ordea, eta atzokoa bezalako egunek erakusten dute. Batetik, harro dabilen eskuin muturrak ekitaldi bat antolatu zuen EHUren Gasteizko campusean, noiz eta otsailaren 23an. Lotsa galduta dabiltza, probokazio bila. Unibertsitateak campusa ixtea erabaki zuen, eta horrek murriztu zituen, ziurrenik, iskanbilarako aukerak. Voxek bakardadean egin zuen bere sareak elikatzea beste helbururik ez zuen ekitaldia. Eskuin muturrari aurre egiteko estrategiak eztabaidatu daitezke, baina horrek ez du fokua desbideratu behar: bizikidetza apurtzera eta kolpista frankistei gorazarre egitera datozenentzako alfonbra gorriak sobran daude. Martxoaren 3ko sarraskia eta beste ukatzera datozenek -atzo Voxekoek 50. urteurreneko pankartak kendu zituzten- ez dute lekurik Euskal Herriko kaleetan. Bestalde, kontsentsuaren amaieraren adierazle da Pedro Sanchez presidente espainolak iragarritako erabakia ere: O23ko estatu kolpearen artxiboak desklasifikatuko ei ditu. Albiste ona da, jakina, oportunismo puntu bat darion arren. Sanchezek Voxekin polarizatu beharra dauka, hurrengo hauteskunde zikloan biziraun nahi badu. Agertoki honek, edonola ere, aukera batzuk irekitzen ditu, desklasifikazio honek -ikusi behar noraino iristen den- argi uzten baitu borondate politikoa dela egiari bidea zabaltzeko baldintza bakarra. Behin hasita, Sanchez ez dadila ahaztu zain dauzkala oraindik Martxoaren 3ko dokumentuak, 1978ko sanferminetakoak, Zabalzaren kasukoak, GALenak, eta beste hainbeste. Eskuin muturraren aurka, memoria; eta memoria eraikitzeko, egia.