GARA Euskal Herriko egunkaria
ORWELL: 2+2= 5

Gure orainaren ispilu gupidagabea


Filmaren hasieran «2+2=5» botereak ezarritako gezurraren sinbolo indartsuena dela azpimarratzen da; zentzugabea den zerbait sinestera behartzen gaituzten politikarien eta agintarien mende bizi garela gogorarazten digu. Dokumentalak George Orwellen azken urteak aztertzen ditu, eta bere obra -bereziki “1984”- irudi, bideo eta adierazpen ugarirekin batera orainarekin elkarrizketan jarri du. Hala, gure orainaren ispilu gordin eta gupidagabearen aurrean kokatuko gaitu.

Peckek egitura ausarta eta aldi berean arriskutsua hautatu du. Elkarrizketarik ez du erabiltzen, ez behintzat lan honetarako espresuki grabatutako adierazpenik; horren ordez, Orwellen testuetara jotzen du.

Muntaketa lana eta bildutako materiala itzela da: testuak, gutunak, Orwellen beraren saiakerak, gaiarekin lotura duten filmetako zatiak, artxiboko irudiak, albisteetako bideoak eta abar. Elementu horien guztien bidez azaltzen du hizkuntzaren manipulazioa, propaganda eta errealitatearen ukazioa bezalako kontzeptuak jada ez direla fikzio distopikoak, gaur egungo fenomenoak baizik.

Bikainki lotzen ditu iragana eta oraina, fikzioa eta errealitatea, literatura eta politika. Jaurtitzen dituen aldarri eta kritikak zuzenak, gordinak eta zorrotzak dira, baina ikusleari modu nahasi samarrean heltzen zaizkio.

Filmak, batez ere, ohartarazpen boteretsu eta aldi berean mingarri gisa funtzionatzen du: ustezko fikzio distopiko ugari dagoeneko zabalduta dauden garaian bizi garela gogorarazten digu dokumental honek.

Ez da perfektua -saturazio uneak eta gai gehiegi-, baina hala ere, pertsona orok ikusi beharko lukeen dokumentala da, hausnarketa sakonak eragiten dituena eta gure garaiko errealitatearen ispilu gordina erakusten diguna.