29 MAR. 2026 ZORROZTARRIA Alturakoa Julen MURGOITIO Tira, teklatura Murgoitio, gaurko zutabe horizontala egiteko ordu bat gutxiago duk eta! Banator! Horra aste honetan irakurria, alturako flota portuan gelditzen hasia dela, erregaien prezioagatik. Ez dut irakurri baina imajinatzen dut ondoko kirol portuetan ontziek sartu-irtenean segitzen dutela, eta ez belak zabalduta preseski. Erregaien gorakadak denak berdin erretzen ez dituen seinale, sektore batzuetan beherakada dakarrela. Itsasoa ulertzeko modu ezberdinak. Hau irakurria ere, Eusko Jaurlaritzak beheko Estatuarekin negoziatu berri duela. Eta hemengo instituzioen defizit muga harekin adostu. Kolpea gero, hemengo erakundeek eskumen defizitak izan eta gainera eskumen muga ere! Akabo! Enpresa handien superabitak mugatuko balira sikiera, han eta hemen! Datozen bost urterako kupo berria ere dira hitzartzen hasiak, han. Baina letra txikerra leituta ez dut ikusi berdela, kasurako, arrantzatzeko kupoa sartuta dagoenik. Gerora ere kostatik urrun hartuko dute kupo gaineko erabakia. Alturako defizita, bai. Hau ere prentsan ikusia. Eusko Jaurlaritzak, aurreko paragrafokoak berak, nahi du Europak industriaren azelerazio eremu izendatzea Euskadi. Eremuarena ulertzen dudalakoan nago, baina azelerazioa? Gobernu baten abiadura aldaketa denbora tartean! Denbora planetaren errotazioak markatzen digu, planeta den bitartean sikiera, baina abiadura lurreko instituzio herritarrek jartzen dute, eskumen defizitak gutxitzeko, kasuko. Alturako sozio-politika! Tipi-tapa aritu nintzen lehengoan, saiatu behintzat, maldan gora tokatu zitzaidalako, ordu txikerretan. Eta alboan izan nuen perutarra, Titi-kaka. Irudietan ez dut igarri alderdi baten hutsune iragarria. Are gehiago, moja bat ikusi dut lekukoa eskuan. Alturako abitua! Sozialismoak ez ditu beti sozialistak egiten!