12 MAI 2026 AZKEN PUNTUA Deszentralizazioa Yasmine KHRIS Itzultzailea Ikasturtea bukatzen hasi da. Irakasleek, baina baita beste askok ere, sumatuko duzue parte hartzen edota antolatzen dituzuen ekimenetan. Hizkuntza irakasle gisa egiten dudan lanaz eta urte amaierako azterketa eta prestakuntzen estresaz gain, giro akademikotik kanpo ere sentiarazten da agurtzeko momentuetan. Laba eta Lantxotegi elkarteek AEKrekin batera antolaturiko “Ongi etorri Iruñera” topaketa zikloa horren adibidea da. Ekimenaren bigarren edizioa jatorri eta hizkuntza ezberdinetako pertsonak hurbiltzeko gonbita izan zen, euskal kulturaz eta euskaraz gehiago ikasteko mundu erdaldun eta elebakarrean. Azken saioak diagnostikoa egiteko balio izan zigun: Zer moduz gaude? Zer ikasi dugu? Zer gogoratuko dugu? «Deszentralizatzeko modurik onena beste hizkuntza batean hitz egitea da. Beste hizkuntza bat hitz egiten duzunean konturatzen zara zure hizkuntzaren izaeraz», dio Souleymane Bachir Diagne filosofo senegaldarrak. Eta Goethek: «Hizkuntza bakarra hitz egiten baduzu, ez duzu hura ezagutzen». Besterik gabe, haren berezitasunak ikusteko modurik ez duzulako. Ohi bezala, hiztegia kontsultatu dut, baina, aldi honetan, sinonimoena: «Deszentralizazioa: eskualdeei edota herrialdeei ahalmen gehiago ematea». Inoiz baino gehiago eta zentzu guzietan.