15 AOÛT 2026 Zona grisa (I) Estibalitz EZKERRA Literatura kritikaria Gehiegizko indarkeriak markatuta dago Ekialdeko Timorreko historia, garaiaren arabera indarkeria horren eragileak ezberdinak badira ere. Felix Nesiren (Insana, Mendebaldeko Timor, 1988) “Orang-Orang Oetimu” (Oetimuko jendea, 2019) nobela abiatzen denerako, bost urte dira XVI. mendetik lurraldea bere menpe izan zuen Portugalek alde egin zuela (tartean, Bigarren Mundu Gerran, Japoniak esku hartzerik izan zuen uhartean). Beste horrenbeste urte dira Indonesiak lurraldea okupatu eta jadanik bere menpe zegoen Mendebaldeko Timorrera anexionatu zuela. Salazarren lekua betetzen du orain Suhartok. Jazartzaileen izenak aldatu egin dira; jazartzeko metodoak, ordea, berberak dira. Historia odoltsu horretan herritarrek jokaturiko rola konplexua da, garai batean boterearen kontra egondako eta, beraz, haren biktima izandako familia bat jazartzailearen rolean aurki baitezakegu belaunaldia eta erregimena aldatzearekin batera. Hala azaltzen digu “Oetimuko jendea” nobelak, denboran jauzi egiten duten eta Oetimuko herritarrak protagonista dituzten istorioen bidez. Biktima idealik ez dago; muturreko indarkeria nagusi denean, biktimizazioa eta trauma sakona jasaten ari diren pertsonek besteei min egiteko ekintzetan parte har dezakete. «Biktimizazio konplexua» deitzen diote orain Primo Levik 1986an «zona grisa» izendatutakoari.