GARA Euskal Herriko egunkaria
KOLABORAZIOA

Imagine


Javier Gurrutxagak John Lennonen “Imagine” abestiaren bertsio berezia grabatu du, Joserra Senperenaren moldaketa batez, Saharar herriaren alde, Juan Soroetak gidatzen duen egitasmoan. Hunkigarria. Youtuben dago ikusgai. Gurrutxaga donostiarra da, Parte Zaharrekoa. Ikaskide izan nuen kontserbatorioan saxofoi eskoletan. Gustuko izan edo ez, inork gutxik egingo du zalantza artista handi eta osoa dela. Eta inork gutxik irudikatuko du txistularien familia batetik datorkiola musika sena: iriartetarrak. Galo birraitona, aitona Demetrio, Higinio eta Demetrio osabak, amaren anaiak, txistulari famatuak izan ziren. Gurasoen ezkontzaren urrezko ezteien ospakuntzan bazkalondora txistulariok eraman gintuen haien gozagarri. Txistu-danbolinen ezpalek askorako ematen dute. 2027.ean ehun urte beteko dira Euskal Herriko Txistularien Elkartea sortu zenetik. Orduan inork ez zuen imajinatzen honaino iritsiko ginela.

Imagine. Irudikatu, alegia. Inork uste izango du irudikatzeak ez duela ezertarako balio. Edo bai. Horrelako asmo ederren abestia osatu ondoren, John Lennon akabatu zutenean, hark utzitako diruak zirela eta banatu beharra zegoela, Yoko Onoren eta Julian lehen emaztearen semearen artean auzitegian liskar handi samarra izan zuten. Geroago, abestiarekin gogoratu nonbait, eta akordiora iritsi ziren. Poesia, literatura eta artearen arlo guztiak irudikatze ariketak dira. Zoritxarrez, batzuei onerako eta beste batzuei txikizioak eragiteko eta gupidarik gabeko gerrak abiatzeko balio izan diete.

Imagine. Alabaren etxean obra batzuk egin dituzte eta pareta bat botatzean egunkari zahar bat agertu da, 1973koa. Orri baten lerroburua (gaztelaniaz, noski) hau zen: «Israelek Gaza bonbardatu du eta 200 palestinar hil». Bart arratsaldekoa ematen du. Sionismoaren sortzaile nagusi, Theodor Herzl-ek hau idatzi zuen berak irudikatutako juduen estatuari buruz: «Ez da esan beharrik ere beste erlijioetako jendeak errespetuz onartu behar ditugula eta euren jabetza, ohore eta askatasuna babestu neurri zorrotzenez. Mundu osoari horretan ere eredu bikaina erakutsi behar diogu». Ez diote bada kasu handirik egin. Hemen ere ezagutu genuen antzekorik, abertzaletasunaren sortzaileek ziotena eta ETAk egindakoa konparatuz gero, ez gara ongi geratzen.

Imagine. Irudikatu gerra zer den. Eduardo Sacherik “Gugandik zer geratuko da?” (“¿Qué quedará de nosotros?”) eleberri dotorean honela irudikatzen du: «Tipo batzuek zerbait nahi dute. Beste batzuek horixe bera nahi. Topatu egiten dira elkar akabatzeko. Hildakoak akabatu dituztenak gerraren irabazleak izango dira eta eurak geratuko dira batzuek eta besteek nahi zuten horrekin». Horren sinplea izanagatik, gerrak sortzen dira orduero non-nahi.

Imagine. Irudikatu Venezuelako azken lurrikarak zenbaterainoko kalte txikiagoa egingo zukeen, ez balitz atorrante zikin askok urtetan burututako lapurretengatik, jakineko arrisku sismiko handia duen lurraldean ezagunak ziren neurriak kontuan hartu izan balituzte etxe berriak eraikitzerakoan eta zaharrak berritzera egin izan balute.

Haiek nahiago izan zuten euren poltsikoak ongi beteta irudikatu, horretarako hilerriak bete behar baziren ere.

Imagine. Irudikatu, Espainiako Estatuan bizitzen ari garen justizia (barkatu barre murritza) delakoaren saltsa nahaste-borrasteroa botere handiek sortua izan dela, eta bost inporta zaiela gehienok horretaz konturatzea. Areago, nahi dutela konturatzea eta jabetzea benetan zeinek agintzen duen. «Dena lotuta eta ongi lotuta» baitzegoen eta baitago. Irudikatu, bada, zer datorren horiek botere politikora iristen badira. Pasaportea prest mesanotxean.

Imagine. Irudikatu Donostiako Hamabostaldi Musikalean, Kursaaleko kontzertu handietan, inoiz emakume zuzendaria kontratatuko dutela.

Imagine noizbait Irun eta Hondarribiko herritar guztiek eskubide berberak izango dituztela euren festetan natural parte hartzeko.

Imagine iritsiko dela euskararen arazoen kontura, euskararen herrian, lerde gaiztoa darien pertsonen kopurua zero izango den garaia.

Imagine. Gutxienez, amets gozoak izateko balioko digu.