GARA Euskal Herriko egunkaria
ZORROZTARRIA

Belarra, onura


E-I, eklipsearen osteko lehenengo urtean segitzen dugu. Vuelta zetorrela entzun eta Errepublika izan nuen lehengoan gogoan, nork berea eta bere lurraldeetan, jakina! Baina oker nengoen, ostera ere oker, txirrindularitzaz zetorren albistea. Hortaz, Tourreko giroa bueltan! Eta prentsako orrietatik tiraka segituta, horra!, Harry ez-dakit-zer sagak 25 urte bete dituela egunotan; nonbait, «belaunaldiak lotzen dituen magia», kazetariak idatzi legez. Amen! Ezustean harrapatu ninduen zerak, eta momentu batez belaunaldirik gabekoa naizela pentsatu nuen, sekula, santa bada ere, ez dudalako nik saga horren zatirik ikusi, begiak zabalik behinik behin. Egiari zor ni Asterix eta Obelixekin hazi eta hezi nintzen, zibilean eta militarrean. Portzierto, lehengoan ondoko udalerriko auzo txiki bateko erromerian izan nintzen, santuren bat ospatzeko egiten duten horietariko batean, eta galiar menderaezinok izan nituen gogoan, landa bateko biribilketa musikatuan …

Tira, landen harira! Sikatea gero! Berdea zena horixka orain; eguraldia lehor eta idor, ondorioz lurra elkor. Larreak egarri, abereak beste. Poeta andaluziarrak esan modura, ura gogoan putzua agortzean! Eta berriro konturatzen gara belarra baliabidea dela, ezinbesteko elikagaia, momentuz burtsako aktibo bihurtu ez badute ere. Negurako behar zen belar ondua udan jarrita askan, aste nagusiko hirietan lehortea zertan den ez badakite ere! Larre gizajoak, noizko basoen pareko gure begietatik! Hemengo poetak esan bezala, ez gara hain onak benetan!

Urte politikoa hastera ei doa. Humanismoa hizpide. Kolpea gero! Lehen KAS bezala, orain KOS ere jomugan: Kaleko Ogitarteko Solidarioak. Hain da tristea uniformedun batzuen ogibidea! Normala gero erosketa-orgen iraultza txikia! Txikitik handira, humanismoagatik!