24 SEPT. 2026 ZINEMIRA: TXAKUN TXAKÜR Denboraren jolastokia Gaizka Izagirre Elsa Oliarj-Ines zuzendariak zortzi urtez haur talde bat filmatu du Zuberoako bere eskola zaharreko jolastokian, haur bakoitzak nortasuna nola eraikitzen duen ulertzeko. Haurren begiradaren bidez, filmak gure identitatea nola eraikitzen dugun aztertzen du, baita txikitatik sozializatzeko lehen espazioetan talde baten barruan gure lekua aurkitzen nola ikasten dugun ere. «Filmatu dudana edozein eskolatan iragan daiteke» hitzekin abiatzen da filma. «Egun hartan berandu iritsi nintzen. Egun hartan liskarraren erdian iritsi nintzen. Egun hartan Elise ikusi nuen. Nola ez nuen lehenago ikusi?». Zuzendariaren off-eko ahotsa entzuten dugu, filmaren lehen irudiekin batera. Goiz batean, gela osoak neskato bati eraso nola egiten dion ikusten dugu. Filmak Eliseren istorioa eta onartua izateko duen borroka kontatzen ditu. Urteetan zehar garatzen den bidaia da, jolasek, sortu eta hautsi egiten diren adiskidetasunek eta jazarpenaren mugan dauden egoerek markatua. Umeek kamerari begiratzen diote eta sarritan, filmatzeko tresna, artefaktua bera, agerian geratzen da, baina horrek ez du ikuslearen eta haurren arteko harremana oztopatzen. Naturaltasuna da filmaren ezaugarri nagusietako bat. Izaera ia antropologikoa duten lanak ezin dira ohiko ikuspegi zinematografiko zorrotz batetik bakarrik epaitu. Agerikoak dira filmaren ahulguneak, baina proiektuaren asmoa eta helburua hain dira politak eta aberasgarriak, horixe bera bihurtzen dela garrantzitsuena. Txikia, xumea, baina ederra eta benetan berezia da “Txakun txakür”.