31 OCT. 2026 Testua Estibalitz EZKERRA Literatura kritikaria Zer idaztekorik gabe geratzen bazara, itzuli testura. Berrirakurketatik beti atera daiteke zerbait». Irakasle izan nuen batek esan ohi zigun hori, tesiarekin borrokan genbiltzanoi aholku gisa. Urteekin konturatu naiz beste egoera batzuetarako ere balio duela aholkuak, idazketarekin lotura izan ala ez. Funtsean, norberaren ezagutza zabaldu nahi izanez gero, “testura” jo behar du batek, “testu” hori dena delakoa dela. Jarrera horrek, testura behar beste aldiz bueltatu nahi izatearenak, baldintza batzuk eskatzen ditu behar bezala gauzatua izan dadin. Batik bat, denbora behar da soseguz irakurtzeko, hausnartzeko eta ideiak garatzeko. Bizi ditugun garaiotan bultzatzen denaren kontrako jarrera da hori, ordea. Gaur egun dena egin behar da azkar eta aldi berean. Hala esaten ziguten tesia idazten genbiltzanean: «A good dissertation is a finished one» (tesi on bat amaitua izan den bat da). Hots, ezin genituela urteak eman gai baten gainean hausnartzen eta idazten. Epe jakin bat geneukan jarduera horiek egiteko. Ameriketako Estatu Batuetan, tesia idatzi nuen lekuan, irizpide ekonomikoek pisu handia dute epe horiek zehazteko orduan. Gerora behin baino gehiagotan entzun ditut irakasle izandako batzuk kexuka, nahikoa denborarik ez dutelako beren ikerketa garatzeko. Egiturazko arazoa da, ordea, denok erabat barneratu duguna.