15 NOV. 2026 Adi, prest, aurrera! Hasi da kanpaina, ofiziala behintzat, eta horrekin batera areagotu egin dira ekitaldi politikoak eta mitinak. Alderdi bakoitza bere estiloan, ari dira norbere burua egokiena dela erakutsi nahian. Lokatz gehiegi izan dugu, ordea, kanpainaurrean, kanpaina bera zikintzeko adina. Nerea LAUZIRIKA Politika ez da matematika, ezta gastronomia ere. Bi gehi bi beti ez dira lau, eta legamia kopuru bera botata ere, batzuei besteei baino gehiago hazten zaie bizkotxoa. Areago, atletismoa ere ez da, irteerako tiroa entzun baino askoz lehenago hasten baita lasterketa. Dena den, ostiralean izan genuen azaroaren 29ko bozetarako kanpainaren hasiera ofiziala. Goizegi da, seguruenik, zer-nolako kanpaina izango dugun behar bezala iragartzeko, nahiz eta, momentuz, jakin badakigun batzuk ibili direla, adibidez, besteen kartelak hauteskundeetako paneletatik kentzen. Asteburu honetakoari eta kanpainaurreari erreparatuz gero, ordea, ez da atrebentzia esatea elegantzia ez dugula larregi ikusiko datozen asteetan. Inkestek islatzen dutena benetan jendartearen sentipena bada, badirudi eskuin muturrari ondo funtziona diezaiokeela komunikazio agresiboak, neurriz kanpoko koinatukeriek eta mila aldiz errepikatuta hainbatek egiatzat hartu dituzten gezurrek. Badago egoeraren irakurketa hori bera egin eta beste horrenbeste egiten hastea erabaki duenik; hala ere, ez dira konturatu joko horretan originaltasunak asko puntuatzen duela eta erdipurdiko kopiek ez dutela sekula emaitza onik ematen. Behin eta berriz berpizteko gaitasuna duenik ere badago, egoera eta katastrofea edozein dela ere. Gazteleraz “txakurra” ezizena jarri badiote ere, merezimendu handiagoz izango litzateke “katua”, gastatuta daramatzan bizitza kopuruagatik baino ez bada ere. Komunikazio politikoak duen garrantzia agerian utzi du, beste behin, aurkariek eraso egiteko erabilitako indarra haien aurka erabili baitu, errelato propioa gailentzea lortzeraino. Eta badakigu errelatoak zenbaterainoko inportantzia duen politikan. Bakoitza bere estiloan ari da, sorpresa gutxi, momentuz behintzat. Hala ere, tortillak buelta asko eman ditzake datozen egunetan eta tentsioak bakoitzaren alderik txarrena edo zintzoena -askotan gauza bera izaten dena- ateratzeko joera izaten du. Ikusteke dago, beraz, proposamen eraikitzaileak, elkarlanerako saiakerak eta bata bestearekiko errespetua gailenduko diren edo, kontrara, jarraituko ote dugun ikusten nola gure ordezkari txit goren eta trajeatuek elkarri iseka egiten dioten era guztietako baliabideak erabilita, ume txikien pare. Lokatzetan korrika egitea ez da erraza izaten eta, agian, hobe izango da zoru garbi baten gainean nork bere lana patxadaz egitea, bidean ito gabe nonbaitera heldu nahi badugu, behintzat. Lokatzetan korrika egitea ez da erraza izaten eta, agian, hobe izango da zoru garbi baten gainean nork bere lana patxadaz egitea