15 NOV. 2026 ZORROZTARRIA Kurbarik kurba, artez Julen MURGOITIO Kanpainan gara. Boto-arrantzaldia. Kala tokiak lehorrean ere. Hamaika entzuteko garaia. Hamaika gehiago sutan paratzekoa, kaka tokiak. Egiari zor, ez zait erraza egiten oposizioko alderdien mezuak ulertzea kanpainetatik kanpo, are gutxiago kanpainan sartuta. Nire formazio politikoaren oposizioa den alderdi batez ari naiz. Ez dute, bada, aldarrikatu euskal etxeari aseguru kontratua egingo diotela! Etxeari bai eta etxebizitzari ez? Zer aseguratu nahi? Kolpea gero! Blokeetatik kanpo ikusten dute euren burua, eta Etxea. Nork eta blokeo zaleek! Nork eta adreilua maite dutenek, balizko gaixotasun guztien botika! Bada, blokeak hor dira gaur-gaurkoz, elkarren arteko talka ezinbestekoan. Eta posizioa hartu behar, orain eta hemen. Aurrera egiteko bide-sarea norberak aukeratzen du, bai, baina ez beti bidean diren kurben zelakoa. Total, greba orokorra izan da. Etxe-blokeen arteko kaleko irudiak errealak izan dira, adimen artifizialak berak ez luke seguruen holako irudi-serie bizirik sortuko. Jende adimentsuzko masa kritikoa kalean, aldarriak aldarri, edo, batek aspaldi esan zidan moduan, ez da masa kontua, dentsitate kontua baino! Zeuk hautatu! Baina datuetan botikan legez, denetarikoa! Patronalarentzat inkluso egun horretan lan-absentismoa txikiagoa izan zen! Ez dakit zertarako hainbeste datu-zentro eta zentro-oste gai ez badira mugitzen direnak zenbatzeko. Tira, sasoian sasoikoa, inkesten kostera. Sukaldeak zentralitatea hartu berriro, datuak kozinatzeko osagai transgenikoak barne, nork-non-zenbat. Non? Ni atzo Bilbon. Hortaz, bertsolari onari bertsoa etorri egiten zaio, ekarri barik. Euskaldun burujabeok, ostera, ekarri egin behar dugu biharko Euskal Herria, kurbarik kurba, artez; ez zaigu berez etorriko. Amaren etxea gura dugu defendatu, bizitza aseguratzeko.