GARA Euskal Herriko egunkaria

Musikaren sentimenduak


Sentimenduen geruzak, sedimentuen geruzapena, gogoetak geruzatzen direnean, ohiturak gurutzatzen direnean, eta horrela. Sentimenduak sedimentatzeak ez du esan nahi ahantzi ditugunik, gogoratu eta gorazarre egiten ez diegunik. Gogoratzen dudan musikaren lehen geruza itsaskorra 1966koa da, Mikel Laboaren “Apur dezagun katea”, 1969an “Haika mutil” edo “Ituringo arotza” Loiolako Herri Irratian. Baztartxo aretoan filmak hasi aurretik eta atsedenaldietan (bobinak aldatzeko egiten ziren atsedenaldiak) William S. Fisher musikariaren “Bat, bi, hiru, lau” kantuaren bertsio elektronikoa entzun nuenean (1972an edo 1973an), elektronikarekin liluratuta geratu nintzen. “Bat, bi, hiru, lau” txikitatik abesten genuen. Euskal sentimenduaren lehen urratsetako bat frankismo garai diktatorialetik dator, kirol gaia (futbola, estropadak, pilota…) politikara ekarrita modu sibilinoan, baina euskaldunok garrantzi edo sakontasun handiko itxura ematen genion mozorrotuta beste “itxura” inozo eta inozentearekin. «Bat, bi, hiru, lau, bost, sei, zazpi, euskaldunok, irabazi, irabazi beti (edo aurrera)». Hurrengo esaldia gaztelaniaz kantatzen zen. Txiki-txikitako oroitzapena da, ahozko transmisiotik zetorkiguna. Mira genion euskaldun izateari mirabekeriarik gabe, menpekotasunik gabe. Euskaldun izatearen falta sumatzen genuen, horren mira genuen.