26 NOV. 2026 Iraungitzea Andoni TOLOSA «MORAU» Musikaria Musikaren hipermerkatuan begira nabil ea zein den gaur egun, besteak beste, kantu baten iraungitze data. Diskoetan ez du jartzen, ez dago horren aipamenik, ez dago «disko hau ...(e)ko ...(a) ren ...(a) baino lehen kontsumitu beharra dago», dioen ohartarazpenik. Eta horrela ezin da. Jada ez dago modan egoteko modurik, kantu batek epaiketa espresa pasa eta sekula edukiera arazorik ez duen ahanzturaren lainoan galtzera kondenatzen dugu. Haren berri jasotzen duzunerako antigoalekoa bihurtu zara. Entzun baino, kantuak esnifatu egiten ditugu, eta, behin goraldia pasata, hurrengo euforia dosiaren bila joan beharra dago, arin, aurrekoa... Zer aurreko? Entzun al dut aurretik zerbait? Zein da hurrengoa? Ez dago ez semafororik, ezta atsedengunerik ere, autobide zabalean. Gelditzea ezinezkoa da. Bai, minutu bat izan daiteke, batez beste, gehienon patua. Bi minutuko tartera iristen direnek, zerbait lortu dute. Hiru minutu kantu bera entzuten... hori ia mirari bat da. Eta zerua ukitzen has zaitezke inor kantu oso baten iraupena pasa eta disko bereko bigarren batera iristen bada. Behintzat playlist likidoen garaia balitz, agian, lortuko genuke ikasleekin 2026ko euskararen egunerako kantu-zerrenda osatzen hasita, hamaikagarrenez “Txoriak txori”, “Lau teilatu” eta “Aldapan gora” ez agertzea.