08 DéC. 2013 HEMEROTEKA Auzia eta euskara Gurutze Izagirre Berria.info, 2013/12/3 Idatzian egin du aurrera euskararen presentziak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Justizia Administrazioan. Ezin uka. Aurrerapen teknologikoei esker, itzultzaile automatikoekin, dokumentuen %63 bi eletan egiten dituzte, eta hurrengo helburua da prozesu guztia bi eletan aurkeztu ahal izatea. Euskararen Nazioarteko Egunaren harira, Justizia euskalduntzeko bidean hamaikagarren plana aurkeztu du Eusko Jaurlaritzak: Auzia Euskaraz izena jarri dio honi. Baina auzia da Justizia euskaratik urrun dagoela. Justizia Administrazioko langileen %65ek euskararen eskakizun bat bera ere ez dute betetzen; ez dakite euskaraz. Eta gainerakoen artean mailak daude: alegia, ez direla guztiak euskaraz ondo moldatzen. Programa informatikoek euskaratzen dituzte dokumentuak, baina herritarrek Justizia Administrazioarekin ahozko harremana nahi/behar dutenean euskaldun bat bilatzea nekezago egingo zaie. Itzultzaileak behar dituen Justiziak justizia izena merezi duen ere auzitan jar daiteke.