16 DéC. 2013 Surflari ernegatua Gazatik Pipelinera Explore Corps taldeko lagun baten bitartez zurezko taulatxoa Slaterren eskuetara iritsi da, honek argazki bat atera du eta Gazako jarraitzaile leialei igorri die Slaterrek irabaztea nahi nuen Gazako surflariek merezi duten poz txiki horregatik. Gutxienez irribarre bat eman die surflari palestinarrei, eta, bide batez, baita surflari ikusezinen lagun garenoi ere Surflari Ernegatua Ahmed Abu Hasira Gazako surf elkarteko kidea da. Egur zati bat hartuta taula moduko bat egin du, txukun, tentuz, eskuz egindako opariak egiten diren moduan. Bere elkarteko kide bati eman dio, honek Gazan izan den pertsonaia ezagun batekin egon behar omen duelako, eta elkartearen izenean, gizon hark, agian, egunen batean Kelly Slaterri haien oparia eskura emango ote dion galdegin dio. Gazako surflariek ez dute Kelly Slater zuzenean ikusi edo ezagutzeko aukerarik izan, baina Ahmedek 90ko hamarkadatik jarraitu ditu Floridakoak munduan zehar egin dituen balentriak. Haren garaipen oro ospatu du, isilpean, egunen batean hura ezagutzeko aukera izan zezakeenaren esperantzarekin ametsetan. Ahmeden herrian, Gazan, hesitua ez dagoen eremu bakarra da itsasoa. Mediterraneo itsasoaren ekialdean, 25 kilometroko kostaldea dauka, ez da olatu handietako ingurunea, baina mendebaldetik datozen haize ufadek surf egiteko adinako garaiera duten olatuak jasotzen dituzte. Surflariak eta bainulariak maiz itsasoratzen dira Gazan, eta hondartzan zehar sorosleen talaiak ikus daitezke, baina itsas korronteek baino arazo gehiago ematen ditu kutsadurak. Arazorik handiena uraren kalitate eskasa da. Eremu murritz horretan 80.000 litro ur fekal isurtzen dira itsasora eta, ondorioz, gune batzuetan ura oso kutsatuta dago. Horrek beherakoa eta larruazaleko legena eragiten die Ahmend bezalako surflari eta bainulariei. Orain dela pare bat urte Slater ikusteko aukera zutela esan zioten Ahmedi, pozarren zegoen, bere heroia begi aurrean ikusi arte ezer sinetsi nahi ez bazuen ere. Hiru egun egin zituen Slaterrek Israelen eta egun horietako batean Surfing For Peace eta One Voice taldeekin egotekoa zen. Dorian Paskowitzek, 86 urteko gizonak, gonbidatu zuen, kirol honen bitartez ume palestinarrak eta israeldarrak batzeko asmoz. Kellyk Tel Aviveko hondartzan kontzertu bat eman zuen ostiral gauean, larunbatean bisita turistikoak egin zituen eta igandean etxerako buelta hartu zuen. Ez zen Gazako kostaldera gerturatu ere egin. Hala ere, Ahmedek ez du inoiz etsi, eta oraingo honetan lortu du. Izan ere, Explore Corps taldeko lagun baten bitartez zurezko taulatxoa Slaterren eskuetara iritsi da, honek argazki bat atera du oparitxoarekin eta ohiko irribarre erakargarriarekin. Gazako surf elkarteko kideek argazkia jaso dute eta Slaterrek lehendik ere baldintzarik gabeko jarraitzaile leial zituenak oraindik eta jarraitzaileago bilakatu ditu. Ez nuen kuttunik aurtengo titulu mundialerako, baina Slaterrek irabaztea nahi nuen Gazako surflariek merezi duten poz txiki horregatik. Ez da horrela izan, baina ziur naiz, munduko titulua ez bada ere, Pipelinen Slaterrek irabazi duen txapela ospatu dutela Gazan. Slaterrek irribarre txiki bat eta poz handi bat eman die surflari palestinarrei, eta bide batez, berak ez badaki ere, baita surflari ikusezinen lagun garenoi ere.