GARA Euskal Herriko egunkaria
Aizkora | Apustu mistoa

Arria V.a eta Zaldua lanerako gogoz eta prest daude

Errezildarra eta Zumarragakoa etzi eguerdian neurtuko dira Tolosako zezen-plazan. Bakoitzak 20 kana-erdiko ebaki beharko ditu, eta ondoren 8 kilometro egin beharko ditu korrika, plazan bertan.


Ikusmin handia piztu du etzi eguerdian Tolosako zezen-plazan 12.00etatik aurrera Xabier Orbegozo Arria V.ak eta Xabier Zalduak jokatuko duten apustu mistoak. Bakoitzak 20 kana-erdiko ebaki beharko ditu, eta jarraian zortzi kilometro egin beharko dituzte korrika. Alde bakoitzak 6.000 euro jokatzen ditu, eta enborrak, berriz, Zalduak plazaratuko ditu.

Bi kirolariek ez dute prestakuntzarekin kexarik agertu, nahiz eta Zalduak gripea pasa berri duen, eta horrek kezka apur bat sortzen dion. «Egia esan, inoiz baino prestakuntza hobea egin dut. Oso gustura nenbilen, baina orain dela aste pare bat gripe bat pasatu nuen, eta hura erabat baztertu ezinik nabil», dio Zumarragakoak.

«Ni oso ongi nago. Inoiz ez bezala prestatu naiz, oso gustura nago, ez daukat inongo aitzakiarik», esan zuen, berriz, Arriak. Errezildarrak bota zuen desafioa, nahiz eta azken urte hauetan plazetatik kanpo zegoen. «Jendeak beti esaten zuen nik banuela gaia, baina ez nintzela prestatzen, eta arrazoia zuten. Binaka oso ongi moldatzen nintzen, baina banaka bete egiten nintzen, eta hori behar bezala ez prestatzeagatik zen. Pentsatu nuen bazela noraino irits naitekeen erakusteko garaia, eta uda partean hasi nintzen mendira bueltaka, baita aizkoran egiten, eta orduan pentsatu nuen bi akziotara desafioa botatzea. Maila horretan Xabier Zaldua oso indartsua denez, berari bota nion», azaldu du Arriak.

«Nik garbi daukat nire maila erakutsi nahi dudala, eta horretarako prestatu naiz. Prestatzaile fisikoa, sendagilea, janariari kasu asko eginez, erabat prestakuntza profesionala egin dut, eta etzi emaitzak ikustea espero dut», gehitu zuen errezildarrak. Zalduak, aldiz, denboraldi honetako hirugarren apustua izango du. Bata urtarrilean jokatu eta galdu egin zuen Irazurekin, eta azaroan Dorronsoro lagun zuela irabazi egin zuen Berasategiren eta Esnaolaren aurka.

«Egia esan, apustuak egin eta jokatzea gustatzen zait, baina hiru hauetatik nik Irazuri bakarrik bota nion. Binakakoan Dorronsorok egin eta sartu ninduen, eta orain Arriak bota dit. Aurten horrela suertatu da, eta ilusio handiarekin hartu ditut denak», dio Zumarragakoak.

Estua

Biek ikusten dute apustu estua. Jende askoren ustez, aizkoran errezildarrak aldea aterako dio, eta gero korrika Zalduak bere aukerak izango omen ditu, baina usteak besterik ez dira, azkenean etzi ikusiko baita zer gertatuko den. Bi aizkolariek jendeak esaten dionari ez diotela kasurik egiten argi eta garbi utzi dute, eta irabazteaz gain, bertaratzen diren zaleei ikuskizun eder bat erakusteko gogoa eta asmoa ere agertu dute; jende asko espero baita gainera.

Oreka bilatzea beharrezkoa da

Apustu gogorra izango da etzikoa, lan handia baita aurrena 20 kana-erdiko ebakitzea eta gero zortzi kilometro korrikan egitea. Horretarako, biek oreka bilatu beharko dute, Arriak esan bezalaxe. «Egia esan, ez da hor tarteko oreka bat topatzea batere erraza. Nire helburua aizkoran ihes egitea izango da, baina hor dena emanez gero, gero korrikan ordaindu dezaket. Dena kontrolpean izatea oso zaila izaten da honelako saio batean, baina oreka bilatzea beharrezkoa da», dio Arriak.

«Garbi dago lan oso handia dela, eta tartean ere zerbait gertatu lekiokeela bietakoren bati. Nik denetik entzun dut. Esan didate berak bai aizkoran bai korrikan ere erraz irabaziko didala, berak aizkoran aurre hartuko didala, eta gero nik pasako dudala korrikan, denetik, baina jendeak erraz hitz egiten du. Nire susmoa da bera aizkoran ni baino gehiago dela, eta horregatik saiatuko naiz bera ahalik eta gehien estutzen, baina aizkoran erritmotik kanpo ibiltzea nahikoa da, gero korrikan ezinean aritzeko. Hori ere zaindu behar da», dio Zalduak. Apustua oso handia da, kirolariak oso ongi daude, eta ikuskizunik ez da faltako. J.L.