05 JAN. 2014 HEMEROTEKA Desbideratze «normala» Gurutze Izagirre BERRIA, 2014/1/2 AHTak ez du atzera bueltarik: «Azpiegitura eginda dago. Zer egin behar dugu, bota? Aurrera egin behar da», dio Ana Oregik gaurko BERRIAn. Aurrera egin beza, beraz. Euskal Y-aren kilometro bakoitza 28 milioi kostako da, guztira 5.430 milioi (aurreikusia). Europan AHTa dagoen lekuetan 17 milioi kosta da kilometroa, batez beste. Nola ordaindu eta nondik aurreztu ari dira negoziatzen Jaurlaritza eta Madril. Hasierako aurrekontua 9.223 milioi eurokoa zen, eta heren bat aurreztea dute helburu. Dena den, Ingurumen sailburuak onartzen du, are gehiago, normaltzat jotzen du halako azpiegituretarako egiten diren aurrekontuak desbideratzea: «Normaltasunaren barruan dago». Eskala txikian, iturgina etxera etorri, konponketa bat egitea 500 euro kostako dela esan eta konponketa egin eta gero 1.000 euro kobratuz gero, bezeroa gutxienez haserretzeko motiboa badago. Arduradun politiko batek diru publikoarekin aurrekontu bat onartu eta milaka milioi eurotan desbideratzea normaltzat jotzeak kezkatzeko motiboak ematen ditu.