13 JAN. 2014 Surflari ernegatua Olatuak bere bidea jarraitzen du Amerika bost soldadurekin mendera daitekeela dioen tipo bat eredu duten politikariak dira. Nire ikasleekin ikusten dut: espainiarrei gauzak oso mantso esplikatu behar zaizkie. Tsunami bat gelarazi nahi zuten Bilbon, eta benetan uste zuten posible dela. Azpian harrapatu ditu eta ez dira konturatu. Berriz ere saiatuko dira, baina alferrik ari dira: olatuak bere bidea jarraitzen du. Surflari Ernegatua Bada gauza bat surf egiten ikasi nahi duenak ulertu behar duena: surfean gauza garrantzitsuenetako bat olatua irakurtzen jakitea da. Olatua irakurtzen asmatzen duenak etekin gehiago atera ahal izango dio. Eta horretarako olatuak nola jokatzen duen aztertu behar da, uhinen nondik norakoak ikasi. Itsasoa bere osotasunean begiratu, eta, batez ere, errespetu handiz jokatu. Naturaren legeak aipatzen dira. Naturak ez du legerik, guregandik at dagoen edozer kaos bat da. Kosmosa kaosa da, natura kaosa da, eta, kaosa, kaosa da. Arauak eta legeak gizakiak gauzak ulertu ahal izateko asmatutako kontzeptuak baino ez dira. Okerrena da natura gure legeetara molda daitekeela erakusten digutela eta ideia txatxu hori sinestera iritsi garela. Ondorioz, gizakiak sortutako errealitate birtuala errealitatea bera baino gehiago balioesten dugu, eta, gero, naturak agintzen duela konturatzen garenean, harritu egiten gara. Politikari espainiarrak hitz egiten entzuten ditudanean ez naiz batere harritzen haien tontakeriekin, Amerika bost soldadurekin mendera daitekeela uste duen tipo bat eredu duten politikariak baitira. Nire ikasleen artean ikusten dut; ez dut inoiz arazorik izaten, baina espainiarrei gauzak oso mantso esplikatu behar zaizkie, gehiago kostatzen baitzaie gauzak ulertzea. Ez dira tontoagoak, soilik apur bat gehiago kostatzen zaie gauzak ulertzea. Ohituta daude beraiek besteen hizkuntzak ikasi beharrean, besteak haien hizkuntza ikastera behartzera. Ohituta daude oihu ozenago egiten duenak arrazoi duela sinestera. Eta ohituta daude indarraren arrazoia, arrazoiaren indarraren gainetik jartzera. Olatu bat datorrenean «espera, espera...» esaten didate, eta nik esaten diet nik itxaron dezakedala, baina olatuari bost axola zaiola prest gauden, umore onez, txarrez, maiteminduta edota zainak mozteko zorian. Olatuak bere bidea jarraituko du, guri gustatu ala ez, gu prest egon edo ez. Noski, haserretu egiten dira, beti baitute arrazoia. Behin batek Hendaian itsasgora beti goizeko bederatzietan izaten dela esan zidan. Eztabaida hura ere madrildar jator hark irabazi zuen, itsasoaz itsasoak berak baino gehiago zekielako eta eztabaida haiek ulertzen duten moduan eman zelako. Alegia, harentzat, elkarrizketa bat ez da bi hizlarientzako zerbait aberasgarria, ez, bietako batek irabazi edo galdu egin behar du. Azken egunotan behin eta berriro gogoratu naiz nire ikasle espainiarrekin. Handiak dira benetan. Miresten ditut. Tsunami erraldoi bat gelarazi nahi zuten Bilbon, eta benetan uste zuten posible dela. Azpian harrapatu ditu eta oraindik ez dira konturatu. Berriz ere saiatuko dira, baina alferrik ari dira, esandakoa, olatua irakurtzen jakin behar da. Hark bere bidea jarraitzen du.