16 JAN. 2014 TXOKOTIK 130.000 jende eta tximeleta bat Mikel Zubimendi Kazetaria Zoriontasuna iheskorra eta desagerkorra da. Zoriontasuna lortzen saiatzea ariketa antzua dela entzuten da. Tximeleta baten antzekoa delako agian, hari segika eta segika, harrapatzen saiatzen garen bakoitzean beti dabil urrun, eskuetatik eskapu beti; lasai esertzen bagara, baina, pazientziaz eta nekagaitz bihotz osoa jartzen badugu jardunean, tximeleta etorri eta gure belaunen gainean pausatuko da. Gauza kuriosoa da zoriontasuna, formularik ez duena, datorren bidetik doana eta gutxien espero duzunean aurkezten zaizun bisitaria da. Ikertzaile sozialek, antza denez, harrapatu dute tximeleta. Jendeari zenbateraino zoriontsu den galdetu eta bildutako datuak interpretatuz lortu dute zoriontasunak edaten duen hiru iturri nagusien kokapena. Zoriontasunaren erdia genetika kontua da, gure kontrolpetik kanpo dago. Ehuneko berrogei gertatzen zaizkigun gertakariek determinatzen dute eta gainontzekoa balioen -fedea, familia ala komunitatea- gain datza. Igual bai, igual zoriontasuna tximeleta bat da, kontrolaezina, kapritxosoa eta librea. Bilbon, 130.000 pertsonaz gain, tximeleta hori ikusi dut. Azken egunotan lagunekin berba egin eta poz puska bat, zorion betekada sumatu baitut. Ederra da benetan sentimendu hori. Itsasgora frenetikoa horren parte izanda, ikusgarria da nola bilakatu dituen bizigai hainbeste min eta ezin, hainbestetan pilaturiko disgustuak eta urraturiko animoak nola bizkortzen dituen. Manifa erraldoi batek nolako ahalmen magikoa duen! Batzuk fronte abertzalea, besteek fronte demokratikoa, nazioa eraiki ala gatazka konpondu... pankartan hau falta zela eta jelkideengandik hori ere ezin dela espero... baina zoriona nagusi. Naziogintzan egin litekeen inbertsio on eta seguruena gatazka sano eta zornerik gabe konpontzea da, baina egia esan, berdin zaizkit eztabaida horiek, politologoen fanfarronada eta masturbazio bizkor guztiak. Jendea, herritar oldea, martxan ikustean gerturatu den tximeleta da inportantea. Jardun pazientea, nekagaitza, bihotz osoa jartzea eskatzen duen lanak jaso duen merezitako ordaina. Ezin da eurotan kontatu. Tximeleta izatea erantzukizun politiko handia da. Eta gure baitan pausatuta, bikoitza.