27 JAN. 2014 himalaia Zazpimilakoa Gaurishankar-en hego aurpegiak badu lehenbiziko igoera Tibet eta Nepalen artean dagoen zazpimilakoaren jarduera hori Mathieu Detrie, Mathieu Maynadier, Pierre Labbre eta Jerome Para frantziarrek sinatu zuten. Eskalatu duten bideari «Voyage au bout de la peine» deitu diote: ED, 5+, M5, A1, 1.900 m. Andoni ARABAOLAZA Lau alpinista frantziar eta helburu erakargarri bat: Gaurishankar mendiaren (7.134 m) hego aurpegia. Hots, igo gabe zegoen hormatzarra. Eta igo gabe zegoela diogu, pasa den urrian talde horrek korapilo hori askatzea erdietsi zuelako. Protagonistak goi mailako espezialistak dira: Mathieu Detrie, Pierre Labbre, Jerome Para eta Mathieu Maynadier. Goi mailako makina bat jarduera dituzte euren curriculumetan, eta azken honek, Gaurishankar mendian lortutakoak, plus berezia emango die. Maynadierrek adierazi duenez, espedizioak eite berezia izan du: «Hasteko eta behin, girora egokitzeko arazoak izan genituen. Ez zigun eguraldi ona egin, eta garaiera egokia zuten helburu onak ez genituen aurkitu. Bestetik, kanpaleku nagusira heltzeko komeriak izan genituen. Izan ere, oihan oso tentean bi egun pasa genituen bidea egiten. Oso arriskutsua izan zen, eta zama-eramaileen segurtasunarengatik hainbat soka finko jarri genituen. Hirugarrenik, kanpaleku nagusia 3.800 metrora zegoen. Paretatik oso urrun eta hezetasun askoz inguraturik. Gainera, mendi horretan dagoen eguraldia berezia da oso; izan ere, oihanetik oso gertu dago. Eta bukatzeko, aurtengo montzoiaren garaia oso luzea izan da. Espedizioak 40 egun iraun ditu, eta soilik sei egunetan ez zigun elurrik eta euririk egin. Hitz batean esanda, espedizio hau berezia izan da oso, baina, era berean, eginiko lanarekin oso pozik gaude». Oro har, horixe da jarduera horretan izan zituzten gorabehera azpimarragarrienak. Alabaina, Maynadierrek aurreratu du saria ezustean eraman zutela: «Espedizioa bukatzeko hiru egun falta zirenean, eguraldi ona azaldu zen. Sinistea zaila zen, baina oso eguraldi onarekin, eskalatzen hasi, gailurra egin eta ordubete pasa genuen aurrean genuen paisaiaz gozatzen». 73 ordu eta bi bibak 2.200 metroko hormatzarra eskalatu ahal izateko. Jaitsiera gauez eta azkar egin behar izan zuten; izan ere, hegazkina hartzeko ia betarik ez zuten. Hurrengo kronikan Maynadierrek berak hitz egingo digu Gaurishankar mendian izaniko eskarmentuaz. Erabat blokeatuta «Eguraldiak ez zigun batere laguntzen. Hala ere, bi eguneko leiho on bat iragarri ziguten. Berri horiek aprobetxatu eta paretan zer edo zer egitea otu zitzaigun; batez ere, girora egokitzeko fasean beste urrats bat egiteko. Erritmo onean eskalatu genuen, baina izotz-jauziarekin mantsotu egin zen. Lehen zailtasun teknikoak ziren. Zoritxarrez eguzkiak aurpegi hori ondo astintzen zuen, eta izotzaren kalitatea txartzen hasi zen. Horretaz gain, ezusteko ederra hartu genuen pareta horrek zuen bertikaltasunarekin. »Izotzean luze gogorra eta fina egin ondoren, bibak egoki bat aurkitu genuen. Nahiz eta bero egiten zuen, goiz zen eta aurrera egitea erabaki genuen. Izotz-jauzitik irten eta elurrezko aldats batzuetan sartu ginen. Goitik elur-jauzi txiki batzuk erortzen ziren, eta atzera egitera behartu gintuzten. 5.800 metrora heldu ginen. »Kanpaleku nagusi aurreratura ondo iritsi ginen, baina ez geunden batere pozik, besteak beste, paretari metro gehiago kentzeko asmoarekin eskalatu genuelako. Bederen, hurrengo saiorako hormatzarrean tresneria utzi genuen. »Ondoren, kanpaleku nagusira jaitsi ginen. Atseden hartzen ari ginela, ohartu ginen aurretik soilik hamar egun genituela. Beste leiho on batekin ziur ginen gure xedea borobiltzeko gai ginela. Baina eguraldia oso makurra zen. Nepalen bost aste egin genituen, eta eguraldi erabat garbi edo eguzkitsua bitan izan zen. »Astebete falta zen hegazkina hartzeko, eta beste leiho on bat iragarri ziguten. Korrika eta presaka kanpaleku aurreratura abiatu ginen. Isil-isilik geunden; izan ere, eskalatzera abiatu behar ginenean elurra ari zuen. Goizaldeko hirurak, laurak, bostak... ezinezkoa zen; 15 zentimetroko elur geruza pilatu zen! Berriro kanpaleku nagusira; berriro 1.300 metroko jaitsiera. »Azken saio bat egiteko itxaropena genuen, baina horretarako beste leiho on bat iritsi behar zen. Hura heldu aurretik, badaezpada ere, kanpaleku aurreratura abiatu ginen. Arrisku hori hartu behar genuen, besteak beste, espedizioa amaitzear zegoelako. »Goizaldeko ordu bietan altxatu ginen. Lehen ezustekoa: eguraldi zoragarria egiten zuen! Paretaren lehen zatia oso azkar eskalatu genuen. Gainera, izotzaren zein elurraren baldintzak oso onak ziren. Inolako arazorik gabe, tresneria utzi genuen lekura heldu ginen. Aurretik luze zailak eta gogorrak eskalatu genituen, batez ere izotz txarrean eta usteldua zegoen arrokan. Arrisku handia hartu genuen. Baina, zorionez, arratsaldeko lauretan aurreikusitako bibakean geunden. »Biharamunean, goizaldeko lauretan martxan ginen. Jakin bagenekien bero egingo zigula, eta horregatik oso goiz hasi ginen eskalatzen. Beste izotz-jauzi tekniko bat gainditu eta gailurrera iristeko zegoen zutoinaren aldatsetan sartu ginen. Luzeak ez ziren oso gogorrak, baina, hori bai, oso ederrak: izotz urdinean 60/70 gradukoak. Lan eskerga egin behar izan genuen, eta gainera, garaieraren eragina nabaritzen hasi ginen. »Arratsaldeko seietan gauak harrapatu gintuen. Bibaka ez zegoen batere gaizki. 6.500 metroko garaierara geunden, eta jakin bagenekien azken eguna gogorra izango zela. Hori dela-eta, oso arin joatea erabaki genuen: soilik termo eta txaketa banarekin. »Goizeko bostetan bibaketik irten ginen. Sekzio zailak eskalatu genituen, batez ere mistokoak. Horren ondorioz, gure erritmoa mantsotu egin zen. Arduratzen zigun pareta tente bat aurrean: harkaitzezko 30 metroko sekzioa zen. Aseguratzeko zailtasunak, baina eskuinaldera artesi bat ikusi eta handik eskalatu genuen. Artifizialen zati fin hori gainditu eta di-da batean gailurrera heldu ginen. »Une berezia izan zen, besteak beste, lan handia eta itxaronaldi luzea sufritu behar izan genituelako. Tontor ederra da; izan ere, Himalaiako mendilerro ia gehiena ikusten da. Ordubete egin genuen ikuskizun eder horretaz gozatzen». LEHENAK. Mathieu Detrie, Pierre Labbre, Jerome Para eta Mathieu Maynadier frantsesek Gaurishankar mendiaren hego aurpegia lehen aldiz igo dute.