11 FéV. 2014 TXOKOTIK Presarik ez duenaren patxada irria Maider Eizmendi Kazetaria Isilik eseri da itxarongelan; bere oin hotsak baino iristeak berak hauspoan eragindako estutasunak salatu du bere etorrera. Atzerapenak ernegatuta gauzka ingurukoak. Etengabe erlojuari begira ari da beste aldean muturtuta gizon gaztea; ohi baino indartsuago arnaska hura ere, haserreaz hasperenka. Adinean aurrera egindako emakumeak eskertu egin du, berriz, geldialdia; estu daukan arnasa sakontzeko astia eman dio-eta. Horregatik, akaso, amorratuta dagoen gizonaren haserreak zehar-irria eragin dio emakumeari eta sakon dituen ezpain bazterreko zimurrak are eta sakonago marraztu zaizkio. Erizaina irten eta gaztearen izena bota duenean, arrapaladan abiatu da hura eta sartu den moduan irten da zalapartan hain ernegatuta zeukaten egin beharrak egitera seguru asko. Nik ere egin dut sartu-irtena, eta emakumeak han jarraitzen du bi eskuak elkar hartuta eta soinean ekarri duen abrigoa txukun-txukun belaunen gainean tolestuta. Anbulatorioko joan-etorriari arretaz begira jarraitzen du, gora eta behera egiten duten bakan batzuk agurtuz eta, gainerakoan, parean jartzen zaion irudi horri presarik gabe begira. Agian ez da emakume horren kasua izango, baina orain gutxi entzundako datu bat etorri zait burura estanpa hura ikusitakoan. Gero eta gehiago omen dira adinean aurrera egin eta bakarrik bizi diren pertsonak, eta horien artean, ia gehiengoa emakumezkoa. Boluntarioen telefono deien zain egoten diren pertsonak badirela jakiteak zirrara eta auzo-lotsa eragin dizkit. Nire amonak behin eta berriz errepikatutako esaldiaz oroitu naiz. «Zahartzea baino gauza tristeagorik ez dago», esan ohi du hark behin eta berriz, eta nostalgiaz begiratzen dio bere ezkontza eguneko argazkiari, berriz ere sasoi hura harrapatuko balu egingo lituzkeenak fantasiaz amesten dituen bitartean. Pausoak geldotuta, amonak ere medikuaren itxarongelako emakumearen antzera ez du presarik izaten, denbora baino sasoia botatzen du faltan. Itxarongelako emakumearen zehar-irria gustatu zait, presarik ez duenaren patxadaren irria delako; agian, «harrapatuko nuke zure presa» esan zuen harekin.