08 JUIN 2014 HEMEROTEKA Zirimiria bezala Gurutze Izagirre Berria, 2014/6/4 Hesolak kentzen ikusi ditugu Guardia Zibilak, eta material arriskutsua balitz moduan, furgonetetara sartzen katean jarrita, hesolak elkarri pasatuz, material arriskutsua balira bezala. Guardia Zibila Oiartzunen, Aritxulegin izan da, hildako etakide bakoitzeko hesola bat jarria zelakoan mendian, eta bakoitzaren alboan zenbaki bat, 239raino. «Gudarien basoa-ren eragile izatea» egotzita, goizeko ordu txikietan atxilotu dituzte, eta beste sei deklaratzera deitu, Intxaurrondora, inpunitate guztiarekin. (...) Ez dute oroimenean urrun izango duela hilabete eskas, sarean ETA goratzea leporatuta atxilotu zituzten 21 txiolariak ere. Inputatuta daude gehienak, auzitegiko deiaren zain. «Polizia operazioa» esan du irratiak, erne jarri dira belarriak, baina nondik norakoak entzun, eta, are gehiago, irudiak ikusitakoan, inpunitatearen zelaia berea dela azpimarratuta geratu da, hesolak kendu arren memoria ezabatu ezingo badute ere. Soka tenkatuta mantendu nahi dute. Hemen daudela, ez direla hain erraz joango gogorarazteko. Ez da aurrena, ez da azkena izango. Inpunitatearen zelaia aspaldi egin zuten bere. Zirimiria etenik gabe bezala, beldurra erraietaraino sartuta geratzeko.