GARA Euskal Herriko egunkaria
AIZKORA | Errekorra

Sufritu arren, Olasagastik berriro ere erakustaldia eman du

129 minutu eta 14 segundo behar izan ditu 20 oinbiko moztu eta marka eder bat jartzeko.


Joxemari Olasagastik 129 minutu eta 14 segundo behar izan zituen atzo Tolosako zezen plazan 20 oinbiko ebakitzeko, eta orain arte inork egin ez duena egin zuen, lantegi hori orain arte inork ez baitzuen hartu. Marka ahalegin hau, San Filippo gaitza duen Oier Iribarren mutikoari laguntzeko egin zen.

Denborei eta gainerakoei begiratu aurretik, garbi utzi beharra dago Olasagastik egindakoa ikaragarria izan zela. 55 urte ditu, eta azkeneko lau hilabete hauetan hirugarren erronka handia zuen atzokoa, bi apustu jokatu eta irabazita baitago.

Primerako eguraldia atera zitzaion Olasagastiri, bero handiegirik ez baitzion egin, eta horrelako lan bat egiteko hori zen beharrezkoa. Laxaro Erregerena eta Joseba Etxebeste izan zituen laguntzaile.

Olasagastik berak esana zuen aurreko egunetan zaila zela garai honetan nahi bezalako enborrak topatzea, eta eman beharrekoak eraman behar izan zituen ezinbestean plazara. Oso ongi hasi zen, bost minutu inguruko erritmoari eutsiz, eta horrelaxe joan zen lan erdietara gerturatzen. Han ordea, izan zuen beherakada bat, eta agian bere unerik larrienak hor etorri ziren.

Bigarren itzuliaren hasiera ere ez zuen gozoa izan, baina berriro gorputzari buelta eman eta oso ongi aritu zen, amaiera aldera berriro ere hanketan arazoak agertu zitzaizkion arte. Hala ere, eta jendearen txalo artean, lan bikaina eta seguruenik ere luzaroan geratuko den marka egin zuen.

Enborrez enbor, hauek izan ziren egin zituen denborak: 3.54, 8.33, 14.07, 19.30, 24.56, 30.25, 36.30, 40.42, 49.23, 56.04, 61.50, 68.10, 74.45, 81.22, 88.35, 95.55, 103.43, 111.51, 121.15 eta 129.14.

«Gorputzez oso ongi nengoen, baina hankak huts egin didate. Asko kargatu zaizkit, bi orduan horrela tentsioan hanken gainean egotea zaila baita, eta azkenerako beldur pixka batekin aritu naiz, baina gustura geratu naiz», esan zuen Igeldoko aizkolariak saioaren ostean.

«Enborrak eman beharrekoak ziren, eta azkenean uste baino denbora gehiago pasatu dut. Pentsatzen dut egurrak hobeak atera izan balitzaizkit egindako markatik behera geratuko nintzela», erantsi zuen egindako lana aztertuz. Azken hilabete gogorren ostean, apur bat lasaitu nahi duela ere iragarri zuen Joxe Mari Olasagastik. «Lau hilabete gogor izan dira bi apustu eta marka honekin. Orain, atseden apur bat hartu, eta txapelketak prestatzeari ekingo diot», adierazi zuen aizkolari igeldotarrak azkenik.

Aurpegi ezagun asko bildu dira harmailetan

Honelako ekintzetan gertatzen den moduan, harmailetan aurpegi ezagun asko batu ziren. Aizkora munduko asko izan ziren bertan, baina baita harri-jasotze eta herri kirol munduko beste hainbat ere. Beste kiroletan ezagunak diren kirolariak ere izan ziren saioa ikusten.

Jendeak oso erantzun ona eman du

Atzoko Tolosako saiorako jendeak erantzun bikaina eman zuen. 600 lagun inguru bildu ziren zezen plazan ahalegina ikusten, baina beste horrenbeste sarrera gehiago ere saldu ziren, nahiz eta gero erosleak saioa ikustera bertaratu ez. Hala ere, harmailetan giro bikaina izan zen.