GARA Euskal Herriko egunkaria
HEMEROTEKA

Irudia eta lotsa


Hizkuntza ikasten ari nintzenean, paper-zati txiki zuriak eramaten nituen beti soinean. Kaletik nindoalarik, zalapartaren erdian bereizi egiten nituen berbak idatzi egiten nituen paper horietan, iragazirik gabe, belarrira zetozkidan moduan. Olgetan ari ziren umeen elkarrizketei erreparatzen nien, eta baita karta-jokoan ari ziren agureen hitz-aspertuari ere. Paper-zati bakoitzean hiru sarrera jasotzen nituen. Lehena, hitza bera, edo soinu-sorta zehatzago esanda; bigarrena, soinuak iradoki zidan esangura, nik imajinatutakoa; eta hirugarrena, etxera iristean hiztegian bilatuta, hitzaren esanahi egiazkoa.

Alegiazko hiztegi bat osatu nuen Zumaian igaro nituen bizpahiru uda horietan. Alde handia izaten zen entzundakotik idatzizkora, eta are handiagoa nik imajinatutako esanguratik hiztegian zetorrenera. (...)

Uda honetan eskolako jantokiak zabalik edukitzeko eskatu du Espainiako Herritarren Defendatzaileak, huraxe baita makina bat haurrek egunean zehar izaten duten ganorazko otordu bakarra. Zalaparta sortu da horregatik, ume gosetien ilarak ikusi behar izateak «irudi-arazoak» sortuko lituzkeela esan baitute batzuek.

Irudia? Hiztegiak argi eta garbi azaltzen du zer esan nahi duen hitz horrek, eta badaezpada, sinonimo mordoa ematen du. Banan-banan aztertu ditut eta horien artean ez dira nire zerrendako bigarren zutabean, iradokitako esangurarenean, idatzi ditudanak ageri: lotsa, lotsa gorria, auzo-lotsa; hipokresia, higuina, zurikeria. Horixe jaso dut nire alegiazko hiztegian, eta behingoatik, zuzen samar ibili naizela esango nuke.

Hitzek esangura adierazteko ez ezik, pentsamenduak ulertzeko ere balio dute.