23 JUIN 2014 ITSASOA Kamehameha I.a: Hawaiiko lehen erregea eta munduko lehen surflari ezaguna Surf egiten lehena nor izan zen ez dago jakiterik, baina kirol honen historian agertzen den aurreneko izena Hawaiiko errege batena da. Europako lehen surflari ezaguna Edward VIII.a erregea izan zen, baina munduko lehen surflari ezaguna, Kamehameha I.a erregea. Haritz LARRAÑAGA ALTUNA Mundu mailan lehen surflariak polinesiarrak izan zirela esaten da, eta kirol honen lehen aztarnak Hawaiin kokatzen dira. Cook kapitaina izan zen Hawaiiko irlak zapaldu zituen Mendebaldeko lehen gizakia eta bere idatzietan bertako biztanleek olatu artean egiten zuten kirol bitxi honi buruz hitz egin zuen. Egun «surf» deitzen dugun hori, alegia olatu gainean zutik ibiltzea, hawaiiarrek antzinatik egiten zuten kirola edo jolasa zen, eta «he'e nalu» esaten zioten. He'e nalu eta surfa ez dira gauza bera, bi kontzeptu desberdin dira, oso ezberdin uler daitezkeenak, batez ere berau erabiltzen duten komunitateen izaera, kultura eta iragan politikoa kontuan hartzen bada. Baina hori beste kontu bat da, beste artikulu batean landutakoa; beraz, gaurkoan, olatuak hartu eta zutik jartzeko egintzari «surf» deituko diogu, nahiz eta egiaz he'e nalu deitu beharko geniokeen. Europako lehen surflari ezaguna Edward VIII. erregea izan zen, baina munduko lehen surflari ezaguna Kamehameha I.a errege hawaiiarra izan zen. Bere arbasoek surf egiten zuten, noski, baita bere garaiko hiritar arruntek ere, baina surfaren historian ezagutzen den lehen surflari trebea, izen eta abizenekin, Kamehameha I.a izan zen. Antzina bazen kondaira bat Hawaiin. Kahuna aztiek kontatzen zuten egunen batean Hawaiiko irla guztiak bilduko zituen errege bat jaioko zela. Seinalea, kometa bat izango zen. 1758. urtean, Halley kometarekin batera etorri zen mundura Kamehameha, (bakartia). Hawaiiko irla handian sortu zen, Paiea herrixkan, eta bere aitak, Keoua zela zioen, Keaweikekahialiiokamoku errege mitikoaren biloba. Beste kondaira batek Naha harri erraldoia mugitzeko gai zen gizona Hawaiiko errege handiena izango zela zioen. Hamalau urte zituela Kamehamehak harritzarra mugitu omen zuen. Kamehameha bere osabaren gortean hazi zen. Kalaniopuu 1782. urtean hil zen eta bere oinordetza bitan banatua zegoen, batetik Kalaniopuu-ren beraren semea zegoen, Kiwalao, eta bestetik bere lehengusua, Kamehameha. Kiwalaok hartu zuen tronua eta bi aldeen arteko gerra zibila piztu zen. Horrela, Kamehamehak Hawaii Irla Handiko erregetza eskuratu zuen. Bere sorterriko uhartea mendean hartuta, gainontzeko irletara zuzendu zen Kamehameha. Maui eta Molokai konkistatu ostean Oahu irlara joan zen. 1875ean Waikikiko kostaldea menderatu eta Nuuanu aldera eraman zituen bere tropak. Kalanikupule erregearekin borrokaldi bortitza izan ostean, haren tropak Paliko itsaslabarretara bultzatu zituzten eta amildegian behera hil ziren ehunka gerlari. Hau guztia, hein handi batean, merkatari estatubatuar eta europarrei erositako armamentuari esker lortu zuen eta, historialarien arabera, bataila hura Hawaiin inoiz izan zen borrokaldi bortitzena izan zen. 1810. urtean, Kaumualii, Kauai irlako erregea, modu baketsuan errenditu zen odol gehiago ez isurtzearren. Horrela, Hawaiiko irla guztiak biltzea lortu zuen Kamehamehak. Bere erregealdian bakea izan zen. Araudi bateratua egin eta zergak ezarri zituen amerikar zein europarrekin merkataritza bultzatzeko. 1819. urtean hil zen Kamehameha I.a erregea eta Liholiho bere semea igo zen tronura. Hil ostean, bere hezurrak ezkutatu zituen kahuna aztik batek, eta hori dela-eta haren arrastoa non den egun oraindik misterio bat da. Antzinako errege hawaiiarren artean baziren batzuk olatuen gainean ibiltzeko zuten abileziagatik ezagun egin zirenak. Hawaiiarrentzat olatu bat hartu eta bere gainean «urtzea» artea zen, sekulako abilezia erakusten zuen ekintza. Horregatik surflari on bat izateak nolabaiteko estatusa ematen zuen. Kaumulai'i Kauia irlako nagusia zen eta behin baino gehiagotan olatu handiak menderatzeko zuen abilezia erakutsi omen zuen. Kamehameharekin batera, irletako surflari onenak omen ziren eta horrek jendearengan mirespena sortzen zuen. Egun, surfean liskar ohikoena olatu bera bi pertsonak hartzea izaten da. «Norena zen olatua? Nork zuen lehentasuna?», txapelketa arauak hartu behar dira irizpide gisa edo bestelako «arau moralak» (lehentasuna izan ez arren, olatua nagusiei edo bertako surflariei uztea esaterako) hartu behar dira kontuan? Antzinako Hawaiin ez zen olatuak partekatzeko arazorik, baldin eta bestea errege bat edo goragoko kastako norbait ez bazen. Bada Hawaiin abesti tradizional bat halako pasadizo batez mintzo dena. Kantuak dioenez, hiritar xume batek Kamehameha erregeak hartu zuen olatu bera hartu zuen eta ondorioz, bere bizia arriskuan zegoenez, honek bere ondasunak eta lehua lorezko koroa eskaini behar izan zizkion erregeari. Egun, «Outside Castles» deitzen duten urautsian gertatu zen istorio famatu hau. Lekua, Waikikiko hondartzaren eremu batean dago eta bere jatorrizko izena Kalehuaweke da. Antza, aipatu pasadizoari erreferentzia egiten dio izen honek.