30 JUIN 2014 Lasto altxatzea Euskal Herriko Txapelketa irabaztea lortu du berriro ere Tubik J.L. Joxemartin Bustintza Tubi bizkaitarrak irabazi zuen Euskal Herriko Lasto Altxatze Txapelketa Diman. Herriko jaien barruan jokatu zen finala eta jendeak erantzun polita eman zuen, zale ugari batu baitziren saioa ikustera. Kirolari bakoitzak 45 kiloko lasto fardoa erabili behar izan zuen, eta bi minutu izan zituen lanerako. Tubik iaz ere txapela jantzi zuen, eta aurtengorako ere faborito nagusia zen. Bizkaitarrak ez zuen hutsik egin, eta guztira 23 jasoaldi lortu zituen. Bigarren postua eskuratu zuen Jon Lapazaranek, guztira 21 jasoaldi lortuz. Hortik atzerako postuetarako borroka handia izan zen, oso alde txikiak izan baitziren, orokorrean kirolarien maila oso parekoa zelako. Loiolak lortu zuen hirugarren postua, eta horrekin baita podiumean sartzeko aukera ere. Guztira 20 jasoaldi egitea lortu zuen. Laugarren postuan, eta bosgarren postuan sailkatu zirenak, Ardeo eta Amade, berdinduta geratu ziren, 19 jasoaldirekin. Seigarren postua, berriz, Van der Putten lapurtarrak eskuratu zuen. Ez zuen bere egunik onena izan, eta azkenean 17 jasoaldi lortu ahal izan zituen, sailkapena itxiz. Guztira bederatzi ziren izatekoak, baina hasi aurretik jakina zen Andde Arbenoitz ez zela izango. Urruñarra min hartuta dago, eta uko egin behar izan zion parte hartzeari. Beste biak Peio Argaia eta Andoni Agirreurreta ziren. Biak Diman izan ziren, baina apur bat berandu iritsi ziren, zozketa egin eta gero, eta txanda pasatu zutela-eta, ez zitzaien parte hartzen utzi, eta amaieran seirekin jokatu behar izan zen finala. Kontuan hartzeko beste datu ere badago, izan ere, bizkaitarrak eta lapurtarrak bakarrik lehiatu ziren. Gipuzkoarrei, berandu iritsi zirela-eta, ez zitzaien parte hartzen utzi, eta beste inork ez zuen izenik eman, nahiz eta honelako txapelketetan ohikoak izaten diren nafarrak eta arabarrak ere. Agian lan egun baten jokatzeak ez dio mesederik egin.