GARA Euskal Herriko egunkaria
Udate

Gasteizko Hedegile kalea, arte, musika eta kulturaren erakusleiho

Correria 2.0. izenarekin bataiatu dute Gasteizko Hedegile kalea biziberritzeko eta, bide batez, bertako merkataritza suspertzeko asmoa duen proiektua. Atzotik, arte, musika eta kulturaren arloko ekimen ezberdinek suspertuko dute kalea, Art ¡eh! kolektiboarekin elkarlanean.


Erakusleiho izaera handiagoa izango dute hemendik aurrera Gasteizko Hedegile kaleko saltokiek. Horrez gain, askotan Aiztogile (Kutxi) kalearen bizitasunaren itzalpean geratu ohi den kaleak ekintza ugari izango ditu aurrerantzean, kulturaren alde apustu egin baitu. Horixe du helburu Correria 2.0. izena jaso duen dinamizazio proiektuak. Hedegile kaleko merkatarien elkarteak eta Art ¡eh! kolektiboak garatu dute ideia, Gasteizko Udalaren laguntzarekin, eta atzo egindako prentsaurrekoan bertan ekin zioten «arte janzte edo margotze» horri. Izan ere, ekimenetako bat dagoeneko abian da: parte hartzen duten 35 saltokietako erakusleihoetan unean-unean irudi ezberdinak margotzen ibiliko da Alfredo Fermin Cernilla Mintxo artista, denen bistara. Ekintza honi jarraiki, ostiral honetan hasiera emango zaio «Galeria hedatua» izeneko ekitaldi nagusiari. Horren bitartez, hainbat artistaren obrak txertatuko dira saltoki eta euren inguruetan bi hilabetez behin.

Artea bidelagun

Arte bira hau inauguratzen lehendabizikoa Blanca Abajo izango da, berak sortutako 20 koadrorekin. Antolatzaileek adierazi dutenez, «helburua arteak gidatutako ibilbideari jarraitzea da, saltoki ezberdinak bisitatuz». Uste daitekeenaren kontra, kulturaren esparrutik abiatutako ekimena da Correria 2.0. hau. Art ¡eh! kolektiboko Carlos Lalastrak azaldu zuenez, kale horretan bertan dagoen Zuloa liburu-dendan ohikoak diren erakusketa batetik sortu zen ideia. Andre Maria Zuriaren plazatik jendea erakusketara «arrastaka» eramango zuen zerbait sortzeko beharrarekin batera etorri zen merkatariak ere batzeko ideia:«Alderdirik garrantzitsuena konpromiso publiko batekiko artisten atxikimendua da, eta artetik urrun dirudien merkataritza alorraren salmenta `pragma' garbi hori galtzea, artearekin inplikatuz».

Musikak ere bere tartea izango du kalean, kontzertuak izango baitira. Aste honetan Sonora O´nunka taldeak eskainiko du emanaldia, ostiral eta larunbatean. Gabonetara arte iraungo du Correria 2.0 proiektuak.